Goizean ezagutarazi dituzte 2018ko Urrezko Zeledon izenak. Edizio honetan bi izan dira sarituak, epaimahaiak horrela erabakita: Jesus Moraza txistulari gasteiztarra eta Araiako musika talde Joselu Anaiak. Irailaren 18an egingo dute sari banaketa.
Urrezko Zeledonen elkarteko presidente Josemari Velez de Mendizabalek azpimarratu du 40 urtetik gorako ibilbidea luzea dutela biek, eta horien merituak ere goraipatu ditu.
"Nork ez du Moraza ezagutzen Gasteiz, Araba eta Euskal Herriko arlo folklorikoan? Bere musikarekin lagungarri gerta daitekeen toki guztietan aurkituko dugu, eta bere artearekin gure lurraldeko mugez gaindi agertzen zaigu, musikari eta bultzagile gisa: Auroroak, San Prudentzio erretretetan, Ama Zuriaren Jaietan…", nabarmendu du Velez de Mendizabalek.
Eta Araiako boskotearen gainean, berriz, zera esan du: "Abesti guztiak euskaraz, Araiatik Euskal Herri osora Gasteizen zehar. Araiako Umandi ahaztu ezina harro egongo litzateke. Joselu Anaien ekarpenari Iparragirreren emanda zabal zazu bikaina jar dakioke. Sekulako bultzagile izan dira euskararen dibulgaziorako. Eta hori ere kontuan izan du epai mahaiak, jakina".