Richard Carapazek nagusitasun osoz irabazi du aurtengo Giroa

Ibon Gorrisi 2019ko eka. 2a, 20:20
Veronan bukaera ikusgarria izan du aurtengo Giroak. / GIRO

Mikel Landak ezin izan du podiumean sartu, eta laugarrena izan da.

 

Richard Carapazek (Movistar) nagusitasun osoz irabazi du aurtengo Giroa. Ez du inongo pitzadurarik izan eta arlo guztietan onena izan dela erakutsi du. Mendian oso ondo aritu da eta hor erakustaldia emanez jantzi zuen maglia arrosa joan den asteko larunbatean. Gainera atzoko etapan "morrontza" lanak egin zituen, Mikel Landa taldekideak etapa irabazi zezan. Beraz, merezimendu osoz podiumeko koskarik gorenera igo da bere bi seme-alabarekin.

Mikel Landak ez du zorte handiegirik izan eta laugarrena amaitu du. Lasterketaren hasieran denbora gehiegi galdu zuen eta azkenengo bi asteetan asko hobetu badu ere, ezin izan du Roglic (Jumbo) hirugarren sailkatua gainditu.

Podiumean, Richar Carapazekin batera, bigarrena Vicenzo Nibali (Barhain) eta Primoc Roglic izan dira. Bigarrenari dagokionez, zer esan, italiarra txirrindulari handienetarikoa baita, Tourra, Giroa eta Vuelta irabazi ditu eta beti hor dagoen horietarikoa baita. Gainera, beti erasora jokatzen du eta mendian koxka bat falta izan zaio Carapaz gainditzeko. Primoc Roglic denboraldi bikaina egiten ari da eta hasieran egindako etapak beldurra sortzeko moduak izan ziren. Hasieran bera zen faboritorik nagusiena, batez ere, erlojupeko etapetan onenetarikoa delako. Halere, mendateetan ezin izan dio Nibali, Carapaz eta Mikel Landak jarritako erritmoari eutsi.

Ezbairik gabe, Giro honetan aipamen berezia merezi duena Pello Bilbao izan da. Bi etapa garaipen handi eskuratu ditu Astanakoak, bata Avena mendian eta bestea L’Aquilan. Gainera, azkenengo etapan, 17 kilometroko erlojupekoan, zazpigarrena egin du. Ustekabean, Chad Haga estatubatuarrak irabazi du.

Veronan bukaera ikusgarria izan du aurtengo Giroak. Alfonbra arrosatik txirrindulari guztiak sartu dira erromatar antzerkira eta hor zaleen txaloak jaso dituzte. Esan bezala, podiumean Carapaz, Nibali eta Roglic izan dira. Mendiko saria Giulio Cicconek (Trek) eskuratu du, erregulartasunaren garaikurra Pascal Ackermannek (Bora) irabazi du eta maglia zuria Miguel Angel Lopezek (Astana) lortu du.


 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide