Chavesek ilusioa berpizturik irabazi du etapa

Ibon Gorrisi 2019ko mai. 31a, 18:51
Behin eta berriro erasora jo du Chavesek. / GIRO

Sailkapen nagusiko Miguel Angel Lopezek 44 segundo kendu dizkie liderrei.

 

Johan Esteban Chavesek (Mitchelton) irabazi du Italiako Giroko 19. etapa. Kolonbiarrak merezi izan du: azken mendatean era askotako saiakerak egin ditu iheskideak atzean uzteko. Behin eta berriro erasora jo du eta horren ondorioz helmugatik bi kilometro eta erdira atzean utzi ditu azken bi iheskideak.

Aspaldiko partez zegoen Chaves garaipenik lortu gabe. Garai batean goi mailan aritu zen baina zenbait urtetan sasoia harrapatu gabe izan da. Beraz, ilusioaren garaipena izan da. Pasa den urtean etapa bat irabazi zuen Giroan, baina hango hura Simon Yates bere taldekideari esker izan zen.

Sailkapen nagusiari dagokionez, denak elkarrekin iritsi dira eta lehenengo postuetan ez inongo aldaketarik izan. Halere, argi eta garbi ikusi baita Mikel Landa morroi lanetan ari dela Richard Carapaz (Movistar) maglia arrosari laguntzeko. Miguel Angel Lopezek (Astana) erasoa jo du eta honen gurpilera arabarra atera da ziztu bizian. Dena den, berehala konturatu da beroaldi izugarria hartu zuela eta tropelean geratu da liderrari laguntzeko.

Egindako eraso horrek Lopezentzat balio handia izan du, izan ere, 44 segundo kendu dizkie sailkapen nagusiko guztiei. Roglicek (Jumbo-Visma) ere azken kilometroan erasoa jo du. Gainontzeko guztiek, Carapazek batez ere, erantzun bikaina eman diote eta bere gurpila inongo arazorik gabe harrapatu dute.

Beraz, 20. etapan dena jokoan izango da. Bost mendate, hiru bigarren mailakoak eta bi lehen mailakoak. Helmuga Monte Avena lehen mailako mendatean. Etapa beldurgarria. Baten batek pot egingo al du? Ea Mikel Landak aukera duen etapa irabazteko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide