Damiano Cima italiarrak apaltasunaren izenean irabazi du etapa

Ibon Gorrisi 2019ko mai. 31a, 08:00
Cimak eskuratu du 18. etaparen garaipena. / GIRO

Ihesaldian izan da eta adorea izan du azken metroan esprinterrei irabazteko.

Txirrindularitza kirolik gogorrenetarikoa omen da. Sufrikarioa era askotakoa da, hankek ez dute barkatzen eta makaldiak edozein unetan gertatzen baitira. Baina, unerik mingarriena, ezbairik gabe, honako hau da: kilometro asko eta asko ihesaldian izan ondoren eta helmuga gurpil batera dagoenean, atzetik etorrita tropelak, gupidarik gabe, iheslariak harrapatzen dituenean. Hau da: baleak arrain txikia jaten du. Bada, Giroko 18. etapan Damiano Cima (Nippo Vini Fantini) eguneko ihesaldian izan da etapa osoan eta gauza izan da helmugako marran bertan esprinterrei aurrea hartzeko. Etapa ehiztarien garaipena izan da.

Damiano Cimak, Nico Denzek eta Mirco Maestrik  makina bat kilometro egin dituzte ihesean. Haien arteko elkar ulertzea primerakoa izan da eta horri esker azken kilometroetan bi minutuko abantailarekin sartu dira. Tropela abiadura ikaragarriarekin sartu da esprinterrei aukera emateko. Hori ikusita, bakoitzak bereari ekin diote iheslariek, eta soka tentetzen hasi dira. Batek erasoa jo eta besteak zain harrapatzeko. Gainera, tropela gero eta hurbilago, gain-gainean, baina… azken hatsa emanik Damiano Cimak lortu du garaipena. A zer-nolako poza! Garaipen ikaragarria. Pascal Ackermannen (Bora) bigarrena izan da eta eta Simone Consonniren (UAE) hirugarrena. Bora taldeko esprinterrak erabat haserreturik zeharkatu du helmuga. Izan ere, aukera paregabea galdu baitu garaipena lortzeko.

Sailkapen nagusiari dagokionez, ez da inongo aldaketarik izan. Faborito nagusiak, den-denak, tropel nagusiarekin batera sartu dira helmugan. Beraz, Richard Carapazek (Movistar) maglia arrosari eutsi dio. 1.54ra dauka Vincenzo Nibali (Bahrain), 2.16ra Primoz Roglic (Jumbo Visma) eta 3.03ra Mikel Landa (Movistar). Arabarrak 47 segundora dauka podiuma eta bi egun ditu erasoak jotzeko. Seguruenera bihar bertan ahaleginak egingo ditu.

19. etapak 155 kilometro ditu Treviso eta San Martino di Castrozza artean. Hiru mendate igoko dituzte: lehena hirugarren mailakoa; bigarrena bigarren mailakoa eta azkena helmugan, San Martino di Castrozza. Etapak ez du aparteko zailtasunik baina indarrez justu samar dabiltza txirrindulariak eta baten batek txakalaldia izan dezake. Ea Mikelek etekina ateratzen dion etapari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide