Uste baina bide gogorragoa izango du Baskoniak

Erredakzioa 2019ko mai. 30a, 22:05

Playoff kanporaketako lehen partida 81-91 galdu egin du Baskoniak Zaragozaren kontra.

Aurtengo denboraldian Baskoniak eskuratu dezakeen txapel bakarra Endesa Ligakoa da, eta gaur ekin dio helburu horrekin playoff kanporaketari. Aurrez aurre Tecnyconta Zaragoza izango du lehen kanporaketan.

Lehen zati tamalgarria jokatu dute gasteiztarrek, eta Zaragoza aldiz partidan buru-belarri sartuta kantxaratu da, galtzeko ezer gutxi zuela jakinik. Lehen zatian 16 puntuz atzetik joan dira burumakur gasteiztarrak (34-50).

Aldageletatik itzuleran, partidaren gidoia aldatzeko asmoz azaldu dira Perasovicen mutilak. Nahi eta ezin ordea. Hirugarren laurdenari ondo ekin badiote ere, erabaki txarren ondorioz, aldeak gora egiten jarraitu du berriz ere (53-72).

Hamar minutu izan dituzte aurretik, azken laurdenean, ia ezinezkoa zen egoera iraultzeko. Eta azken batean halaxe izan da, ezinezkoa.

Albiste pozgarri bakarra, hilabete askoan zehar lesionatuta egon den Granger gaurkoan berriz ere sasoiko ikusteko aukera izan dugula. Baskoniako jokalari onena izan da gaurkoan, baina bera baino askoz gehiago beharko dira kanporaketan gailentzeko.

Hiru partidara jokatzen da playoff-etako lehen kanporaketa, eta egoerari buelta eman nahi badio, hurrengo bi partidak ezinbestean irabazi beharko ditu Baskoniak. Hurrengo hitzordua igandean izango dute, 12:30etatik aurrera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide