Arabako Batzar Nagusiak hautatzeko bozketa izan genuen igandean ere; arabarrok gure lurraldeko 51 ordezkariak hautatu genituen. Izandako emaintzengatik ez da aldaketa askorik igarri 2019-2023 legealdirako. Egun, Foru Gobernua osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-PSOE-EEk, aurreko legealdiko emaitzak hobeto dituzte; eta bien artean dagoen akordioa mantenduz gero, Arabako Aldundia gehiengoz gobernatzeko aukera dute.
EAJ izan da alderdirik bozkatuena 47.510 botoekin; 2015. urteko emaitzekin alderatuz, 12.805 boza gehiago eskuratu ditu. Bigarren indarra izatetik lehenengoa izateko jauzia eman du, 13 batzarkide izatetik 17 lortuz. Hortaz, Ramiro Gonzalezek ez du ahaldun nagusia izateko arazorik izango.
EH Bilduk ere emaitzak hobetu ditu, 1.125 boto gehiago lortuz (33.841). Aurreko legealdiko indar korrelazioak kontuan izanik ere, alderdi abertzale ezkertiarra hirugarren indarra izatetik bigarren izatera pasa da 12 eserlekurekin, aurrekoan baino bat gehiago. Kike Fernandez de Pinedo buru duen taldeak Bilduren sorreratik emaitzarik onenak eskuratu ditu hauteskunde hauetan.
Aurretik aipatu bezala, PSE-PSOE-EEk emaitza paregabeak izan ditu, orain arte zuen batzarkide kopurua bikoiztuz: 10. Espainiako Gorteetako hauteskundeetako Sanchez olatuarekin bat, sozialistek 12.490 boto gehiago irabazi dituzte Araban (30.481, guztira)
Orain arte, hauteskunde gaueko garaileak aipatu ditugu, baina galtzaile argiak ere egon dira Araban. Alderdi Popularrak beheranzko joerarekin jarraitzen du. 2015. urtean lehenengo indarra izan zen, EAJ eta EH Bilduren artean lehian. Egun, Oiarzabal buru zuen zerrenda laugarren indarra da, 24.156 bozekin (11.179 boza gutxiago) eta 8 batzarkiderekin (5 gutxiago).
Podemos galtzaile irten zen igandean; ordezkaritza erdiarekin geratuko da.
Podemos alderdiarentzat gaua beltza izan zen maiatzaren 26koa; hauteskunde hauetako galtzaile argienak 13.343 boto galdu ditu eta ordezkaritzaren erdia. Podemosek lau ordezkari izango ditu soilik hurrengo lau urteetan. Hortaz, azken urteetan, Podemosek Araban izandako eszisioek eta Estatu mailako tirabirek eragin handia izan dutela aurreikusi daiteke.
Azkenik, aipatzekoa da ere Ciudadanosek 2015. urtean lortutako batzarkidearen desagerpena. Euskal Herrian, Albert Riveraren alderdia ordezkaririk gabe geratu da erkidegoko hiru Batzar Nagusietan zein udaletan.
Batzar Nagusien konposaketa ikusirik, sorpresa handirik ez bada, EAJk eta PSE-PSOE-EEk gehiengoz gobernatu dezakete Arabako Foru Aldundia, eta horien gainean dauden batzar nagusiak.
Batzar Nagusietan Arabako 8 kuadrilletako 7 kuadrillen ordezkariak daude, baina, ezin dugu ahaztu guretzat hain gertuko dugun Trebiñu. Trebiñuko konderrian, udal hauteskundeek albiste ederra utzi digute, EH Bildu izan baita lehen indarra admnisitratiboki Burgosen dagoen Argantzunen, eta EAJ bigarren.