Hemendik aurrera komunitateko konpostaje instalazioak udaletako jarduera sailkatuen erregistroan jasota egon beharko dira, Jaurlaritzak hondakin organikoen gaia arautzeko prestatu duen dekretu batean jasotzen denaren arabera. Dekretua apirilean onartu zuten, baina orain eman dituzte horri buruzko azalpenak. Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak aurkeztu du neurria, aste honetan. Haren esanetan, orain arte "isileko adostasun" bat egon da gaiaren harira, baina gaia arautzeko legerik ez zegoen.
Onartu dutenez, gaur egun Jaurlaritzak ez du zehazki ezagutzen halako zenbat instalazio dauden Euskal Autonomia Erkidegoan, eta datua ezagutzeko ikerketa bat abiatuko dutela agindu dute. "Gure lehen estimazioen arabera, 200 bat instalazio daude: 4 metro kubikoko tamaina dute batez beste, eta 800 eta 1.000 tona konpost artean ekoizteko gaitasuna dute", aurreratu du sailburuordeak.
Araudia ez da erregistrora mugatuko. Gehienez hamar metro kubiko izan ditzakete. Bestetik, instalazio bakoitzak titular bat izan beharko du, eta baita horren ardura izango duen teknikari bat ere. Erabiltzaileek soilik izango dute aukera lortutako konposta modu partikularrean erabiltzeko, eta konpost hori ezin izango da erabili elikadura-kateari lotutako jardueretan. Jaurlaritzak espresuki zehaztu du azken neurri horrek barne hartzen dituela konposta egiten duten ikastetxeak.
Gaur egun, soilik Gasteizko eta Aiaraldeko biztanleek dute aukera bosgarren edukiontzia erabiltzeko, eta gainerako kuadrilletan hondakin organikoen arazoari irtenbidea ematen saiatzeko konpostajearen aldeko apustua egin dute, Diputazioaren laguntzarekin.
Nork bere esku
Halakoetan, bi irtenbide aurkeztu ohi dira. Batetik, eta horretarako aukera dagoen etxebizitzen kasuan, norberak etxean bertan konpostajea egiteko laguntza eskaintzen dituzte kuadrillek, materialak debalde emanda eta trebakuntza ikastaroak eskaintzen. Bestetik, zenbait lekutan komunitate konpostajerako aukera eskaintzen dute kuadrillek: herritarrek konpostaje gune batera eraman behar dute etxeko hondakin organikoa, baina administrazioaren ardura da instalazioaren zaintza eta prozesuaren kudeaketa.
Aldundiak 2015. urteari buruz bilduta dituen datuen arabera, batez bestean arabar bakoitzak 417 kilogramo hondakin sortzen ditu urtean. Horietatik, heren bat baino ez doa birziklatzeko edukiontzietara: % 72 nahastuta biltzen da.