Udal hauteskundeetako foku nagusietako bat Gasteiz gainean zegoen igandean. EAJ eta EH Bilduren artean inkestek iragartzen zuten lehia estua nola amaituko zain ziren denak. Aurreikuspenak, ordea, hankaz gora jarri zituzten hautesleek, eta Gorka Urtaran eta Maider Etxeberria izan ziren gaueko protagonista nagusiak. Azken agintaldian gobernukide izan diren EAJk eta PSEk eman zuten ezustekoa, herritarren babes zabalarekin. Azkeneko aldiz duela 24 urte izan zen jeltzaleen zerrenda bozkatuena Gasteizko Udalean, 1995ean, Jose Angel Cuerda buru zuen taldearekin; eta, oraingoan ere, marka hautsi du Urtaranek, zazpi zinegotzirekin, joan den agintaldian baino bi gehiago lortuta. Estualdia iragarri zioten, baita ere, Etxebarriari, eta aise gainditu ditu uste guztiak; bigarren indarra da, sei eserlekurekin.
Orpoz orpo izan da Miren Larrionek gidatutako zerrenda, sei zinegotzirekin, baina hirugarren lekua eskuratu du EH Bilduk, prebisioetatik aldenduta. Inoizko emaitzarik okerrenak izan ditu, bestalde, Alderdi Popularrak, 14.000 boto bidean galduta; lehengo postuetatik kanpo, laugarrena eskuratu du Leticia Comeronen taldeak. Eta azkeneko hiru zinegotziekin konformatu beharko du Elkarrekin Podemosek; igoera izan du talde moreak, halere, Ahal Duguk eta Irabazik elkarrekin zutena baino zinegotzi bat gehiago duelako Fernando Lopez Castilloren zerrendak.
Auzo bakoitzeko emaitza zehatzak, hemen aurki ditzakezu.
'EAJ-PSE formula'
Kartak mahai gainean, Urtaranek eskura du aginte makila, eta gobernu-itun posibleen bila hasi ditu hartu-emanak gainontzeko ordezkariekin. Aldez aurretik, baina, badirudi "hainbat marra gorri" buruan dituela; PSEtik gertu, EH Bildurekin gobernua osatzea baztertu egin du, Radio Vitorian egindako elkarrizketan: "Erabateko desengainua izan da niretzat EH Bildu azkeneko legealdian, antipodetan gaude bi taldeak, eta horregatik baztertu egiten dut gobernua osatzeko aukera".
Gorka Urtaran: "PSE-rekin kudeaketa eramatea oso atsegina izan da; elkarrekin lan egin nahiko nuke"
Larrionen taldearekin, halere, unean uneko proiektuak aurrera atera eta itunak lortzea posible izan daitekeela esan du. Sozialistekin batera egindako lanarekin, berriz, pozik agertu da Urtaran, eta EAJ-PSE formula errepikatu daitekeela iragarri du: "PSErekin batera kudeaketa eramatea oso atsegina izan da, eta ziur nago modua bilatuko dugula elkarrekin lan egiteko".
Miren Larrion: "Gure lidergoa partekatzeko prest gaude, hiriaren onerako izango bada"
Etxebarriak, bere aldetik, bien akordioa "onuragarria" izan dela nabarmendu du, eta oraindik aliantzez hitz egiteko goiz dela uste badu ere, horretan egingo du saiakera: "Herritarrek ez dituzte gustuko muturreko jarrerak, eta nahiago dituzte akordioak eta egonkortasuna". Larrion ere Urtaranek egindako proposamenen zain dela esan du Berrian egindako elkarrizketan, baina Gasteizek "desberdinen arteko" akordioak behar dituela nabarmendu du: "Bide horretan lan egiteko prest gaude. Gure lidergoa partekatzeko prest gaude, hiriaren onerako bada".
"Familiarekin gustora"
Gasteizko Udaleko formula Arabako Batzar Nagusietan ere errepikatu daiteke, lehentasunak eta jeltzale eta sozialisten emaitza onak kontuan hartuta. Ramiro Gonzalez ahaldungai duen zerrendak aurreko agintaldian baino lau eserleku gehiago eskuratu ditu, eta 2015ean baino bost gehiago lortu ditu Cristina Gonzalezenak. Eskura dute biek gobernua osatzea, eta agertokia aurreratu nahi ez duen arren, horren aldeko jarrera agertu du ABBko lehendakari Jose Antonio Susok: "Familia batean gustora zaudenean, zergatik hautsiko duzu familia horrekin?". Gai zehatzekin EH Bildu edota PPrekin adostasunak lortzea ere ez du baztertu Susok. Kike Fernandez de Pinedok gidatutako taldea bigarrena da orain, iragan agintaldiko hamabi aulkiei eutsita. Beste muturrean, gainbehera handiena izan dute Elkarrekin Podemosek eta PPk; 2015etik bost ordezkari galdu ditu alderdi moreak eta lau popularrak.
Arabako Batzar Nagusietan 26 eserleku behar dira gehiengo osoa izateko, eta 27 lortu dituzte jeltzaleek eta sozialistek. Azkeneko hartu-emanen zain, biek ala biek nabarmendutakoek gero eta gertuago uzten dute Arabako gobernurako akordioa.
'Berde iluna'
Ekainaren 15era arteko tartea izango dute alderdiek beharrezko negoziazioak egin eta akordioak lortzeko. Lurraldeko mapari erreparatuta, baina, jeltzaleen berde iluna da nagusi 28 udalerritan, eta 31tan gobernatu dezake. Besteak beste, bost udalerri jendetsuenetan –Gasteiz, Laudio, Amurrio, Agurain eta Oionen– jeltzaleen esku geratuko da aginte makila. Lautada eta Gorbeialdeko Kuadrilletan, ordea, EHBilduk lortu du boto kopuru gehien hainbat udalerritan: Aramaio, Legutio, Asparrena, Barrundia, Zigoitia edo Zuian, adibidez. Jeitsiera nabaria izan du PPk, baina Arabako Errioxako lau udalerritan nagusi da: Mañueta, Bastida, Guardia eta Navaridasen. Eta, ohi moduan, PSEren esku jarraitzen du Iruña Okak. Talde independenteek ere lekua dute mapan, zertxobait apalagoa bada ere; 24 izatetik 15era jaitsi dira. Hurrengo lau urteetarako makilak, beraz, azken karta-trukeen zain.
Udalerri bakoitzeko emaitza zehatzak, hemen aurki ditzakezu.
Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 195. zenbakian.