Victor de la Parte eta Mikel Landa arabarrak bikain aritu dira

Ibon Gorrisi 2019ko mai. 30a, 11:26

Egun borobila izan da gaurkoa Movistar taldearentzat. / BETTINIPHOTO MOVISTAR

Nans Petersek (AG2R) irabazi du Italiako Giroko hamazazpigarren etapa.

Zoragarria paisaia, Alpeak eta Dolomitak; Italiak eta Austriak bat egiten duten lekuan aritu dira txirrindulariak. Elurra mendi gailurretan eta errepidean berotasuna. Ez dago atsedenik Giro honetan; alde batetik, ihesaldian aritutako tropel txikia ia-ia hogei kilometro falta zirela erabat sakabanatuta da, eta bakoitzak bereari ekin dio. Bestetik, sailkapen orokorreko txirrindulariek ere erasora jo dute.

Ihesaldian joan diren txirrindularien artean Nans Peters (AG2R) izan da nagusi helmugan. Erasoa une aproposenean jo du eta atzera begiratu gabe azkenengo 15 kilometroak egin ditu. Atzean era askotako saioak izan dira, Valerio Contik behin eta berriz jo du inongo emaitzarik lortu gabe. Gerora, Chaves, Formolo eta Masnada txirrindulariek taldeak osatu dute baina ezin izan dute frantziarra harrapatu. Victor de la Parte arabarra ihesaldian izan da baina erabat hustuta ailegatu da azken kilometroetara. Halere, lehen euskal herritarra izan da, hamahirugarren postuan, 3.05era. Horretaz gain, goraipatu behar da egiten ari den Giroa, sailkapen nagusiko 19. postuan dagoelako.

Etapa erabakita, atzean erasoak izango zirela aurreikusten zen. Astana, Bahrain-Merida eta Movistar taldeak tiraka izan dira azken kilometrotan. Hirurek Primo Roglic estutzea eta zailtzea nahi zuten atzean utzi ahal izateko. Erritmo bizia jarri dute azkenengo 3. mailako mendatean erasoa jotzeko.

Lehena Miguel Angel Lopezek jo du erasoa baina aldapa tentetzen hasi denean harrapatu dute. Orduantxe, lau kilometro faltan, Mikel Landak jo du erasoa eta bakar-bakarrik joan da. Hasieran kostatu zaio baina ekinaren ekinez lortu du segundoak gehitzea. Carapaz ekuadortarrak, 26 urte betetzen zituen egunean, ikusi ditu juxtu samar ari zirela Roglic eta Nibali; aukera aprobetxatu nahi izan du eta atzean utzi ditu biak. Egun borobila Movistar taldearentzat. Batetik, Carapazek Giroa irabazteko beste urrats bat eman duelako eta, bestetik, Mikel Landa podiuma egiteko hirugarren sailkatua dagoelako, 47. segundora.

Gaur hemezortzigarren etapa jokatuko dute, 222 kilometrokoa. Sprinter, iheslari edo etapa ehiztarientzat saio aproposa. Ikusi egin behar zer nolako abiadura hartzen duten bataz bestekoan, hurrengo egunetan oso etapa gogorrak izango direlako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide