Sailkapena hankaz gora jarri nahi du Landak

Aritz Martinez de Luna 2019ko mai. 24a, 20:09
Etapako azken mendatean jo du erasoa Mikel Landak. / Argazkia: GirodiItalia.it

Mendiko lehen etapa gogorrean, minutu eta erdiko tartea berreskuratu du Landak sailkapenean.

Mendiko lehen etapa gogorra izan da Giroko hamahirugarrena, eta Serru lakuko helmugara bidean, lehen mailako hiru mendate gainditu behar izan dituzte txirrindulariek.

Ausardiaz jokatuta, helmugarako hogei kilometro falta zirela jo du erasoa Mikel Landak, eta sailkapen nagusian gainontzeko faborito guztiei denbora tarte ederra kendu die Serru lakuko helmugan (1.37 - Roglic eta Nibaliri, 2:58 - Miguel Angel Lopezi eta 3.35 - Simon Yatesi).

Sailkapenean pilatutako atzerapena oraindik handia bada ere (5:09), gaur izan da lehen mendi etapa garrantzitsua, eta erakutsitako sentsazioak benetan izan dira onak arabarrarentzat.

Hauxe da Mikel Landaren gustuko eremua, errepideak goranzko bidea hartzen duenekoa. Datozen egunotan jarrera oldarkorrez jokatuko duela jakina da, eta hankek gaur bezala erantzun ezkero, maglia arrosa janzteko bidean denborak urratzen jarraitzeko saiakera egingo du murgiarrak.

Hauxe Mikel Landak erasoa jo zueneko momentua, ETB1 telebistak zuzenean emandakoa:

Mikel Nieve bigarren

Eguneko irabazlea, sailkapen nagusiko oilarren arteko lehia alde batera utzita, hasierako kilometroetan eratutako iheslari taldetik atera da. Mikel Nieve euskaldunak garaipena gertu izan badu ere, Zakarin izan da gaurkoan indartsuena.

 

Sailkapen nagusia:

  1. Jan Polanc (UAE): 54.28.59
  2. Primoz Roglic (Jumbo): 2.25era
  3. Ilnur zakarin (Katuxa): 2.56ra
  4. Bauke Mollemak (Trek): 3.08ra
  5. Vincenzo Nibali (Bahrein): 4.09ra
  6. Richard Carapaz (Movistar): 4.22ra
  7. Rafal Majka (Bora): 4.28ra
  8. Mikel Landa (Movistar): 5.09ra
  9. Pavel Sivakov (Ineos): 7.13ra
  10. Miguel Angel Lopez (Astana): 7.49ra

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide