Datozen egun euritsuetan etxean geratu ez, eta planak egiteko asmoa duen edonorentzat hamaika aukera eskainiko ditu agendak asteburu honetarako, Araba osoan zehar. Hitzaldiak, kontzertuak, bertso saioak eta bestelako ekintzak izango dira, gaurtik igandera bitartean. Aspertzeko astirik ez.
Gasteiztik hasita, eta auzoetako jaien atarian, Errekaleorren antolatutakoak dira aurrenekoak. Ekintza asko izango dira auzo askean; tartean, Izaki Gardenak taldeak kontzertua eskainiko du larunbatean, Anita Parker, La Furia, Komando Klitorix eta Ni Yuta Ni Tuyarekin batera, 21:30etatik aurrera. Horrez gain, bertso trama eta tailerrak ere antolatu dituzte.
Maiatzaren hasieratik ikuskizunak eskaintzen ari den Poetak Maiatzean jaialdiaren barruan, besteak beste, La hora violeta irakurketa feminista izango da Urbisun gaur bertan, 19:00etan, Santa Luzia baselizan. Era berean, Gasteizen eskainiko ditu hitzorduak jaialdiak; esaterako, Juan Perro izengoitiarekin, eta Joan Vinyals eta Gabriel Amargantekin hirukotea osatuz, Santiago Auseron Zaragozako abeslari eta abesti idazlea izango da. Gasteizko Principal antzokian izango da hitzordua, larunbatean, 20:30ean.
Bertsotan ibiltzeko aukera ere izango da aste-bukaeran. Laudion, gaur bertan, Altxa kopla hori! saioa izango da, Aroa Arrizubieta, Manex Agirre, Xabier Rico eta Serapio Lopezekin. Haiekin batera, bi musikari eta gai-jartzailea izango dira, Aretako kultur etxearen inguruetan, 20:30ean. Bestetik, Zigoitian, Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala izango da larunbatean, goizeko hamaiketan, kiroldegian.
Eta oraindik ere ezbaian dabilen norbait balego, Euskararen Agenda atalean topatuko ditu egiteko gehiago. Ez bilatu kalera ez ateratzeko aitzakiarik, etxean ez sartzeko arrazoiak baizik.