AHTaren aurkako konpromisoa sinatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Erredakzioa 2019ko mai. 23a, 12:06
AHT-aren kontrako plataformek agerraldia egin dute. /AHTrik Ez

"Lurraldea egituratu eta bateratuko" duen tren baten alde egin du AHT-aren aurkako plataformak. 

Udal eta foru hauteskundeetan mahai gainean jarri nahi ditu tren lasterraren proiektuak AHT-aren kontrako plataformak, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek sinatu duten konpromisoa nabarmendu dute. "Datorren legealdian emango diren negoziazio eta balizko itun guztietan abiadura handiko trenaren aldeko proiektu berrien gelditzea eta bertan behera uztea tinko defendatzeko konpromisoa hartu dute", azaldu dute goizean Gasteizen eginiko agerraldian.

AHTrik Ez plataformaren arabera, Araban eta Nafarroan orain arteko trenbideekiko paraleloki 250 kilometro abiadura handiko linea berri egiteko asmoa "eskandalu hutsa" da, eta modu honetan "lurraldea suntsitu eta milaka milioi euro xahutzen dira".

Proiektu hauek gobernu zentralak bultzatutakoak badira ere, plataformako kideek uste dute Arabako erakundeen babesik gabe aurrera atera ahal izatea "askoz ere zailagoa" izango litzatekeela, eta horregatik eskatu dute alderdien konpromisoa. "Atzera begira gogora dezakegun moduan, hasiera batean alderdi gehienek energia nuklearraren edo fracking-aren alde egin zuten, baina milaka lagunen borrokak norabidea aldatzea lortu zuen". EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek datorren legealdiari begira modu honetako konpromisoa sinatu izana garrantzitsua dela nabarmendu dute, eta "ahalik eta esparru gehienetan" lanean jarraituko dutela esan dute "alderdi guztiak gehitu daitezen".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide