Lehia argituko duen inkesta nagusiaren zain

Martxoak 26rako aurreikuspenak Gasteizko udalean. ARITZ MARTINEZ DE LUNA

Gasteizko balizko buruz burukoak okupatu du Arabako udal eta foru hauteskundeen protagonismoa hedabide nagusietan, eta Miren Larrion garaile gisa aurkeztu dute azken inkestek.

Hauteskundeen atarian hiru inkestek –EITB Focus, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroa eta Vocento taldearena– eta simulazio batek –Eldiarionorte.es– egin dute lurraldean gerta daitekeenaren aurrerapena, eta boto joerak zeintzuk diren islatu dituzte. Ia denek alegiazko agertoki politiko berdina irudikatu dute; Gasteizko Udalean EAJren, EH Bilduren eta PPren artean dagoen lehia estua Miren Larrionen taldeak irabaziko luke, Gorka Urtaranen eta Leticia Comeronen aurrean. Halaber, igandeko bozetan PPk boto galera handia izango duela aurreratu dute –bi eta lau zinegotzi artean galduko lituzke Comeronen alderdiak–, eta talde bozkatuena izatetik hirugarren edo bosgarren postu batera pasako litzateke. Joera hori antzeman ez duen bakarra Eldiarionorte.es kazeta digitala da; hilabetearen hasieran argitaratu zuen inkesten batezbestekoaren arabera, PP izango litzateke alderdi bozkatuena, botoen %23,2rekin, eta EAJ izango litzateke bigarren. Bestalde, argitaratutako kontaketa guztien arabera, PSE-EEk zinegotzi kopuruari eutsiko lioke Arabako hiriburuan, eta Elkarrekin Podemosek bere aldetik, zinegotzi bat gehiago lortuko luke. 

Batzar Nagusietan EAJ garaile

Gasteizko Udalean jokatzen ari den balizko buruz-burukoa alde batera utzita, Arabako Batzar Nagusietan EAJ izango da lehena, aurreko bozetan baino babes handiagoa lortuz. Hala, Soziometroaren arabera, Ramiro Gonzalezen taldeak botoen %24 lortuko luke; EITB Focusen arabera, %28,5; eta Vocentorentzat Ikerfel enpresak egindako lanak %18,8 ematen dio. Eldiarionorte.es-en simulazioak ere EAJ ikusten du garaile herrialdeko kontaketan. 

Bestalde, EH Bildu bigarren indarra litzatekeela jaso dute denek, eta PSE-EEk ere gora egingo lukeela nabarmen –Ikerfelen inkestaren arabera, bost batzarkide izatetik hamar izatera ere pasako da–. PPren kasuan, porrot handia izango lukeela aurreikusi dute inkesta nagusiek, eta bigarren postutik bosgarrenera pasatuko litzateke.

Lagin desberdinak

Maiatza hasieran argitaratu zuten Eldiarionorte.es kazeta digitalean hauteskundeen simulazioa, hain zuen EITBren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vocentoren inkestak argitaratu baino lehen; horrenbestez, simulazioaren oinarria aurretik egindako inkesten arteko batez besteko bat da. Endika NuÒez azterketaren egileak argitu zuen "zuhurtziaz" hartu behar zirela datuak, aipatu bezala, inkesta gutxi erabili zituelako, Espainiako hauteskundeak baino lehen hartutako datuak zirelako eta lagin txikia erabili zuelako. 

EITB Focus inkesta, berriz, 2019ko maiatzaren 9a eta 14a bitartean, Arabako 550 lagunei eginiko telefono bidezko elkarrizketaren datuekin osatu dute; Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak 2019ko apirilaren 29tik maiatzaren 19ra bitartean, etxean, 518 arabarri egindako elkarrizketak izan ditu oinarri; eta azkenik, Ikerfelek telefonoz egin ditu elkarrizketak, apirilaren 30etik maiatzaren 14ra bitartean.

Inkestak herritarren jokabidea islatzeko edo arabarren boto-asmoan eragiteko egin dituzten ikusteko ordu gutxi falta da, galdeketa nagusia hautetsontzietan baitago. 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide