Jaiotzak %9,4 gutxitu ziren Araban 2018an

Erredakzioa 2019ko maiatzaren 21a

Zahartzen ari den lurraldea da Araba. GIPUZKOAKO HITZA

Jaiotzen jaitsiera EAEko hiru lurraldeetan gertatu zen joan den urtean, baina nabarmenena Araban izan zen.

16.090 haur jaio ziren 2018. urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko urtean baino 986 gutxiago, hau da, %5,8ko jaitsiera izan da jaiotzen kopuruan. EUSTATek astelehenean argitaratu ditu 2018ko jaiotzen behin behineko datuak, eta horren arabera, jaiotzen jaitsiera nabarmenena Araban jazo da, %9,4 gutxituta, 279 jaiotza gutxiago izan baitziren; Bizkaian %6,8 gutxitu ziren jaiotzak (581 jaiotza gutxiago), eta Gipuzkoan %2,3 (126 jaiotza gutxiago).

Jaiotzak adinaren arabera banatuta, nabarmentzekoa da 2018ko laugarren hiruhilekoan, 35-39 urteko amen portzentajea handitu dela eta talde nagusia bilakatu dela (%35,6); ondoren datoz 30-34 urteko amen taldea, jaiotzen %34,4rekin, eta 25-29 urtekoa, %12,5ekin. 40 urte baino gehiago dituzten amak (%11,3) gehiago izan ziren 25 urtez beherakoak (%6,2) baino.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago