Beka deialdi berri bat aurkeztu du ARTgiak

Erredakzioa 2019ko mai. 20a, 13:38

Deialdia aurkezteko agerraldia, ARTgian. / ARTgia

Arabako artistei dago zuzenduta deialdia; ekainaren 10era arte aurkez daitezke proiektuak.

Deialdi honen bidez, Arabako artista berriena zein ibilbidea duten artisten lana sustatu nahi du ARTgia aretoak. "ARTgia Arabako artistei erakusketa-gunea irekitzearen aldeko apustua da, hitzetatik ekintzetara salto egiten duena. Hala, beren artelanak ARTgia aretoan (Vitoria-Gasteizko Jose Lejarreta kalea 41 helbidean) erakutsi eta hedatzeko bitartekoak eskaintzen ditu eta, gainera, proiektu irabazleek 400€ko diru-laguntza jasoko dute", azaldu du Irantzu Lekue aretoko zuzendariak. 

Deialdiak maiatzaren 20tik ekainaren 10era bitartean egongo da irekita, eta horixe izango da proiektuak aurkezteko epea. Deialdi hau hainbat agenteren eta erakunderen arteko lankidetzaren uzta da; hala nola, Kultur ACT elkarte artistiko eta kulturala, ARTgia aretoa eta Vitoria – Gasteizko Udalaren Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren finantzazioa. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago