Despotismo Ilustratuaren muina jasotzen duen esaldia aski ezaguna da, eta akaso, bakoitza bere neurrira ekarrita, Gasteizko Final Four entzutetsuak herritarren artean utzitako sentsazioa laburbiltzeko ere balioko du: dena herriarentzat, baina herririk gabe.
Ikuskizun erraldoia da asteburu bakarreko txapelketa, eta kirol arloan bederen aparteko emozio eta kalitate maila ikusteko aukera ezin hobea eskaintzen du. Alde horretatik, zalantzarik ez dago, saskibaloi zaletuen interesekoa izan eta izango da beti Final Fourra. Kirolaz harago, baina, Europako saskibaloi txapelketa gorena, negozioa da. Eta izaera horretako edozein jardueratan bezala, ekimenaren sustatzaileek emaitza ekonomikoari erreparatuko diote, batik bat.
Erakunde publikoek lau milioi euroko ekarpena egin behar izan zuten, bost milioiko aurrekontua osatzeko.
Urte askoan izan da Gasteiz, Kerejetaren eskutik, Final Fourra antolatzeko hautagaia, eta 2019an batzuen amets hori gauzatu da. Aldez aurretik, bertako erakunde publikoek lau milioi euroko ekarpena egin behar izan zuten, eta bost milioiko aurrekontua osatzeko, Baskoniak jarri zuen faltan zegoen milioia bere poltsikotik. Zenbateko horri gehitu behar zaizkio aparteko segurtasun neurriek eskatzen dituzten baliabideak, garraio publiko gehigarriaren kostuak, hiriko kaleetan ohikoaz harago doazen garbiketa zerbitzuak… eta guzti horiek zenbatu gabe geratu badira ere, diru publikotik ordaindutakoak izan direla gogoratu behar dugu.
Gastuak gastu, txapelketa Gasteizen ospatuko zela iragartzeak ospakizun kutsua hartu zuen hasieratik. Jarraitzaile andana etortzekoa zen, ostalaritzak hiriko ospakizun handien pareko kutxa egiteko aukera izan behar zuen, hotelak gainezka egin behar zuten, hiria eta lurraldea mundu mailan ezagunak egin behar zituen… eta guzti horiek kopurutara eramanda, 50 milioi inguruko diru-sarrerak utzi behar zituen ikuskizunak gure lurraldean. Askoren begiek dir-dir egin zuten albistea jasotakoan eta, eskuak igurtzita, egutegian maiatzaren hirugarren asteburua gorriz markatuta utzi zuten aspaldi.
Goiz da zenbateko horiek zertan geratu diren ikusteko. Eta, seguruenik, datuak zeintzuk izan diren jakin gabe geratuko gara azkenean. Baina argi dagoena kalean ikusitakoa izan da, eta hor inork ezingo du kontrakorik esan. Eguraldia bezain giro goibela izan da nagusi.
Giro goibelaren arrazoiak ezberdinak dira, eta erantzuleak ere bat baino gehiago.
Egoera horren arrazoia ez da bakarra izango, eta erantzulea ere bat baino gehiago tamalez. Hasteko, Final Fourrerako sarrerak urre prezioan saltzen hasi ziren antolakuntzatik: 300, 400, 500… eta baita 2.000 eurotik gorako "paketeak" ere. Azken egunotan ikusi ahal izan dugu zenbait sarrera saldu gabe geratu direla, eta, azkenean, igandeko final handia ikusteko leihatilara gerturatu eta 45 euro "bakarrik" ordaintzea nahikoa izan da.
Bigarrenik, giro eskasa Gasteizek eskaintzan duen hotel-plazari egokitu ahalko zaio. Ostalaritza sektoreak, aukera baliatu nahirik, gutxitan ikusitako prezioak eskaini nahi izan ditu: hiru gauerako logela bikoitza 700, 800, 1.000, 2.000 euro… eta emaitza, sarrerekin gertatu bezala, asteburuan zehar logela hutsak egon direla Gasteizen.
Prezioak ikusita, zaletu askok Gasteiz inguruko hirietan ostatu hartzeko erabakia hartu dute, normala denez. Eta baliteke Bilbo, Donostia edo Logroñon, esate baterako, Gasteizen baino turkiera edo errusiera gehiago entzun izana asteburuan. Are gehiago charter hegaldiak 24 orduz zabalik dagoen Foronda aireportura bideratzeko lanak inork bideratu ez baditu. Bidaia agentziek ere, besteek bezala, etekina non atera zezaketen ikusita jardungo zuten, eta hor Bilbo bezalako hiriak nagusi.
Bilbo, Donostia edo Logroñon Gasteizen baino turkiera edo errusiera gehiago entzun da asteburuan zehar
Ondorioz, kalean, fan-zone gunean, tabernetan… eta hiriko bazterretan giroa berotzen ikusi beharreko zaletuak hiri erdigunetik urrun, oso urrun, geratu dira, eta beraiekin batera, esperotako giroa. Gehiegikeriaz edo dirukoikeriaz jokatzearen ondorioak. Beteegiz zorroa, lehertuz doa esan ohi du esaera zaharrak.
Beste hutsune bat aipatzearren: taldeetako jokalariak, talde teknikoak, laguntzaileak, antolakuntzako langileak… eta horiei jarraiki datozen kazetariak askotxo dira, eta hauetariko gehienek bai, hirian hartuko zuten ostatu. Baina logela eskaintza murritzari koska ederra jan diote eta horiek lanera etorritakoak dira. Hortaz, ez dute denbora kalean edo tabernetan sartuta emateko tarterik hartzen. Kaleko giroan eragiteko ere hutsa.
Gehiago sakontzen hasita, inoren eskuetan ez dauden aldagaiak ere egon litezke tarteko. Anadolu Efes ez da zaletu asko mugitzeko gaitasuna duen taldea, CSKA boteretsuaren jarraitzaileak dirudunak bai baina hotzak dira izaeraz, eta ez giroa sortzen aproposenak, Fenerbahce eta Real Madrilen kasuetan, aldiz, ostiralean galdu ondoren, azken orduko zaletuak mugitu ezinda geratu dira. Zalgiris, Panathinaikos... horiek finalean izan balira, agian bestelako giroa izango genuke. Zer esanik ez Baskonia bera bertan izan bagenu. Baina horretan ere, kale.
Ez pentsa halere dena emaitza txarra izan denik. Aurpegi ezagun asko etorri omen da Gasteiza: jokalari ohiak, taldeetako ordezkariak, ordezkari publikoak, enpresa gizon garrantzitsuak… baina horiek ere ez dira kalean ikusi ohi direnak. Jatetxe garestietan, izar askoko hoteletan, edota VIP izaerako pertsonei mugatutako eremuetan bilduta egongo ziren ziur aski.
Laburbilduz, ikuskizun handi bat gorpuzteko beharrezko elementua, jendea dela. Jende piloa. Eta Gasteizko Final Fourrean behintzat horrelakorik apenas izan dugu.
Ospakizun handia izan behar zena, hala izan da zentzu askotan
Ospakizun handia izan behar zena, hala izan da zentzu askotan: kirol maila aparta izan du, kantxan giro majoa, antolakuntza ona eta merezitako txapelduna. Hortik aurrera, hirian izandako eragina… hotza. Herriarentzat antolatutako ikuskizuna, herria aintzat hartu gabe antolatu izanaren eragina. Gutxi batzuk bururatu, antolatu, bere gustura moldatu eta gozatu dute ikuskizuna (eta bide batez poltsikoa bete zenbaitek). Herritarrak aldiz, Berlangaren Ongi etorri Mister Marshall pelikularen sentsazioarekin egongo dira.
Bide batez, norbaitek interesik balu, jakin CSKA izan dela aurtengoan merezitako txapelduna. Baina susmoa daukat hori ez dela izango astean zehar entzungo dugun komentario nagusia.