Alavesek garaipenarekin agur esan dio denboraldi bikainari

Ibon Gorrisi 2019ko mai. 19a, 08:34
Agurren gaua bihurtu da Gironaren aurkako partida. / ALAVES

Abelardo eta jokalarien agurrean une hunkigarriak bizi izan dira.

 

Amaitu da, amaitu da, akabo! Azkenean, Alavesek garaipena lortu du. Taldeak lehen itzulian 32 puntu bildu zituen, izugarria. Bigarren txanpan 18 puntu besterik ez ditu erdietsi. Hau da marka hau! Halere, egindakoa kontutan hartzeko baita. Izan ere, 50 puntu lortu ditu eta sailkapenaren erdi-erdian bukatu du. Abelardok bere agurrean hiru puntuak nahi zituen eta jokalariek eskertu diote denboraldian zehar egindako lana.

Partidaren hasiera erritmo gabekoa izan da. Eguraldia bezalakoa izan da, hotza eta euripean. Girona taldeak mailari eutsiko ziola sinetsi nahi zuen, baina berdegunean ez du erakutsi. Gatz eta piperrik gabe aritu dira.

Horren ondorioz, Alavesek erasoari ekin dio, betiere, Jony eta Rolan aurrelarien bitartez. Bai batak zein besteak erakutsi dute oso jokalari biziak eta erritmo handikoak direla. Halere, egindako erdiraketek ez dute gol aukerarik sortu. Atsedenaldira husnako berdinketarekin joango zirela ematen zuen. Bada, 40. minutuan, Wakasok boteprontoan areaz kanpotik jaurtiketa paregabea egin du eta saretara bidali du baloia. Merezitako gola eta Alaveseko jokalariarentzat poza izugarria aspalditik golik egin gabe zegoelako.

Bigarren zatian, partida ez da gehiegi aldatu. Alavesek pare bat aukera izan du markagailua berriz ere mugiarazteko. Dena den, izandako guztiak Iraizoz atezainak ondo baino hobeto geratu edota urrundu ditu. Partida joan-etorrian sartu da eta bi taldeek erasoari egin diote. Girona taldea erabat etsita zegoen baina bihotzarekin aurrera egin dute. Aukera garbi batzuk izan dituzte.

Azken minutuetan, Calleriren gola etorri da eta handik gutxira Portu bi eta batekoa jarri du markagailuan. Hortxe bukatu da norgehiagoka, baita denboraldia ere. Une horretan zaleek txalo zaparrada izugarria eskaini diote taldeari. Egia esanda, denboraldi bikaina izan da. Ia-ia jardunaldi guztietan sailkapenaren goialdean izan da taldea. Hori Alaves taldearentzat izugarria baita.
Agurren gaua ere izan da, Abelardo, Calleri, Jony, Maripan… Hau amaituta eta balantzea egin ondoren hurrengo denboraldian pentsatu behar da.

Alaves: Sivera, Vigaray, Ximo Navarro, Laguardia, Marin; Manu Garcia, Pina Wakaso; Rolan (Twumani), Calleri (83’. Guidetti) eta Jony (83’. Alex).

Txartel horiak: 44’. Pina, 54’ Calleri, 56’. Rolan

Girona: Iraizoz, Valery, Alcala, Bernardo, Planas (66’. Alday); Pere Pons, Granell, Muniesa, Portu, Lozano (37’. Doumbia) eta Soni (46’. Roberts).
Txartel horiak: 32’. Soni, 58’. Muniesa, 64’. Planas.

Golak:

1-0: 40’. Wakaso
2-0: 83’. Calleri
2-1: 86’. Portu

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

11.549 ikusle bildu dira Mendizorrotzean taldeari behar bezala agurra emateko. Une hunkigarriak bizi izan dira partida bukatu denean. Abelardok ez du ahaztuko Alaveseko zaleek eskaini dioten omenaldia, izan ere, bere izena aho batez bildutako guztiek kantatu dute. Honetaz gain, zaleek kantu-kantari eskertu diote talde osoari egindako denboraldia. Agurren gaua izan da.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide