Herrialdea egituratuko duen "tren soziala" aldarrikatu dute Gasteizen

Estitxu Ugarte, PHOT.OK 2019ko mai. 18a, 16:34

Bi mila lagun inguruk parte hartu dute Tren sozialaren alde, AHTrik ez lelopean eguerdian egin den manifestazioan.

Eguraldiak lagundu ez badu ere, berrogei bat traktorek lagunduta, bi mila lagun inguruk parte hartu dute eguerdian, Gasteizen, AHTaren kontrako plataformek deitu duten manifestazioan. "Tren soziala" aldarrikatu dute eta abiadura handiko proiektuak lurraldean ekarriko duen "txikizioa" salatu dute. "Berriro ere argi uzten diegu erakundeei gure lurraldeak mehatxupean dituzten Abiadura Handiko Trenaren proiektuen aurka herritarrok dugun sentimendua zein den", esan dute antolatzaileek manifestazioaren amaieran. 

Arabako Haranetako AHTrik ez plataformako kide Mentxu Zamoranok adierazi duenez, AHTak herriak bereiziko ditu eta mendiak zulatuko ditu, eta horren aurrean proposatu du egungo trenbidea erabiltzea, zabalera europarra izango duen hirugarren lerro batekin. Haren esanetan, proiektuak "tren soziala" sustatuko luke, ez soilik tren azkarragoekin, baizik eta herriak ere komunikatuko dituen tren eredu batekin. "Trenbide-eredu bat aldarrikatzen dugu, pertsonak zein merkantziak garraiatuko dituena, lurraldea egituratuz, isolatutako eremuak utziko ez dituena eta ekonomikoki edonorentzako eskuragarria izango dena". Era berean, AHTaren inbertsioa beste behar batzuetara zuzentzea exijitu dute.

Manifestazioaz gainera, AHTaren kontrako taldeek hainbat jarduera antolatu dituzte arratsalderako, Gasteizko alde zaharrean, besteak beste, umeentzako jolasak eta tailerrak, eta 16:30etatik aurrera kontzertuak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide