Lanuzteak iragarri ditu Mercedes-Benzeko enpresa-batzordeak, zuzendaritzak otsailean kaleratutako hiru langileak berrartu ditzala eskatzeko. Ez da azken hilabeteotan izan duten gatazka bakarra. Enpresa-batzordeko presidente Igor Gebarak (ELA) argi du zuzendaritzari mugak jarri behar zaizkiola, enpresak "izaera diktatoriala" duela iritzita.
Langileen asanblada egin duzue duela gutxi Buesa Arenan. Zer erabaki duzue?
Bereziki plantilla nola zegoen jakin nahi izan dugu, kontuan izanda azken 20 urteetan mobilizazio handirik egin ez duen plantilla dela. Goizez zein arratsaldeko txandetan, 800 langile inguru bildu gara. Egia da orain arte egin ditugun elkarretaratzeetan baino jende dezente gehiagok parte hartu duela, baina, halere, oraindik kopurua ez da nahikoa, 5.000 langile dituen enpresa batean gaudela kontuan izanda. Langileak konbentzitu behar ditugu: edo mobilizazioetara jotzen dugu edo kaleratze gehiago egon daitezke etorkizunean. Enpresak ikusten badu plantillak ez duela indar nahikorik, gureak egin du. Bestetik, batzordeari hainbat kexa egin dizkigute, iraganean gertatu diren hainbat gauza direla eta. Dena dela, horiek iraganeko kontuak dira: batzordeko partaideen %90 baino gehiagok horrelako egoerei erantzuteko erabaki bat hartu dugu, eta hortik aurrera abiatu nahi dugu ibilbide berria.
Nolakoak izan dira kaleratze horiek?
Joan den otsailean Mercedesek hiru langile finko kaleratu zituen, eta agerikoa da bidegabeko kaleratzeak izan direla. Hirurek jaso zituzten gutunak berdin-berdinak izan ziren, arlo desberdinetan lan egiten zuten arren. Aurretik kaleratze solteren bat egon da, baina lehen aldia da hiru batera kaleratzen dituztena. Bidegabeak zirela jakinda ere, enpresak esan zigun legea alde zuela nahi zuena egiteko, epaileak zehazten duen kalte-ordainketa egite soilarekin.
Zein da adostu duzuen plana?
Sei sindikatuok adostu dugu ez dugula bidegabeko kaleratzerik onartuko. Horren jarraipena egiteko batzorde bat eratu dugu, eta protokolo bat zehaztu dugu, arian-arian indartzen joango diren dinamika eta mobilizazioak jasotzen dituena. Kasu honetan, hilaren 27an izango den lehen epaiketarekin batera, lanuzteak deitu ditugu. Norberaren esku egongo da, noski, enpresak eskainitako kalte-ordaina onartu ala ez. Baina Mercedes oso diktatoriala da, eta kaleratzeak garesti atera behar zaizkio.
Kaleratze horien atzean bestelako motibaziorik ikusten al duzue?
Tentuz ibiltzeko abisua da hori. Azken urteetan Mercedesek mila bat langile finko egin ditu, eta hiru hauek multzo horretan zeuden. Behin-behinean ari direnean, langileak gogotsuago aritzen dira, baina finkoa egitean, erlaxatu egiten dira, eta borondatearen eremuan sartzen diren gauzak egiteari uko egin ahal diote. Hori normala da: sukarrarekin lanera joandako langileak ikusi ditut nik, behin-behineko egoeran zeudelako. Behin kontratu finkoa izanda, suposatzen dut baja hartuko luketela. Lan legediaren arabera, ebentuala izan ala ez, horrek ez luke eraginik izan behar; zoritxarrez, gauzak ez dira horrela.
Kaleratzeena ez da salatu duzuen egoera bakarra...
Hala da. Asanblada kaleratzeen harira deitu badugu ere, azken hilabeteotan enpresak aldebakarrez egindako erabakiei aurre egin behar izan diegu. Horietako batzuk epaitegietan daude. Adibidez, ez da onargarria ostiral batean langileek haien norbanako oporrak sinatzea eta hurrengo asteartean enpresak iragartzea oporrak kolektiboak izango direla. Bestetik, etxera bidaltzen gaituzte, esanez ez dela ekoiztuko, baina gero ekoizten da... nahasmen izugarria dago, eta langileak gara hori ordaintzen dugunok. Denok ulertzen dugu malgutasuna beharrezkoa dela, baina malgutasun hori ez da beti egon behar lana eta familiaren arteko bateragarritasunaren kontura. Eta sortu diren beste gatazketan, enpresa da azkenean bere irizpidea inposatzen duena. Inposaketaz inposaketa gabiltza, baina ez gaude egoera hori onartzeko prest.
Ekoizpenean murrizketak iragarri ditu Mercedesek. Beldur zarete horrek enpleguan eragingo ote duen?
Azken urteetan errekor zenbakietan gaude. Momentuz, ekoizpena gutxitzeak oporrei eragingo die: hiru hilabeteetan 300 lanpostu inguru sortu behar ziren oporraldiak ordezkatzeko. Baina, orokorrean, orain dauden zifrak ikusita, egoerak ez lioke enpleguari eragin behar. Beste kontu bat da uda eta gero zer gertatuko den.
Ibilgailu elektriko berria iragarri dute. Horrek egoera hobetuko du?
Suposatzekoa da baietz, baina, egia esanda, ez dakigu benetan merkatuan zer onarpen izango duen. Elektrikoen inguruan zalantza ugari daude oraindik. Enpresak askotan esan digu elektrikoak ez direla etorkizuna, ez dagoelako materiak nahikoa horiek ekoizteko, eta, behin iraungita, baterien kudeaketa oso zaila izango delako. Badirudi hidrogenoaren aukera hobea izango dela. Dena dela, errekuntzako motorrei oraindik denbora asko geratzen zaie. Gaurko motorrek ez dute zerikusirik duela hainbat urte egiten zirenekin.
Nolakoa da instituzioen jarrera?
Niri pertsonalki huts egin didate. Mercedesen kontratu masiboak egiten hasi zirenean, lan ikuskaritzan salaketa jarri genuen eta enpresak 550 kontratu finko egin behar izan zituen. Baina iruzurra mantentzen da. Barne mailan politikari guztiek onartzen dute egoera, baina ez dira ausartzen Mercedes ukitzera. Nahi zaiona egitea onartzen zaio.