Algetan oinarrituta, bioerregaien legeak ezarritako arauak betetzen dituen olioa eskuratzea lortu dute euskal ikertzaileek. Zehazki, mikroalga heterotrofikoak baliatu dituzte olioa erauzteko NEIKER-Tecnaliak Arkautin dituen instalazioetan, ikerketa zentroak ohar batean jakinarazi duenez.
CYCLALG izeneko proiektuaren baitan egin dute aurrerapena, eta egitasmo horri buruzko jardunaldien amaieran eman dute emaitzen berri. Hazteko argirik behar ez duten algak dira erabili dituztenak. Hori da, hain zuzen, bizidun horiek erabiltzearen abantaila nagusiena: edozein toki geografikotan aurrera atera ahal izatea ekoizpena.
Ondorioztatu dute olio horrek kalitate nahikoa duela, eta erabil daitekeela biodiesela sortzeko. Halako ikerketetan gertatu ohi den moduan, laborategietatik merkatura eramateko bideragarritasuna ere aztertu dute. Momentuz, litro bakoitzak 3,3 euroko kostua izango dituela kalkulatu dute, baina etorkizunean prozesua txukuntzeko tartea egongo delakoan daude adituak. Zentzu horretan, etorkizunean olio hori gaur egun erabiltzen den koltzaren ordezkoa izan daitekeen esperantzan ari dira lanean ikertzaileak.