Udalerritik mugitu behar diren ikasleen joan-etorriak lagunduko ditu Aldundiak

Erredakzioa 2019ko mai. 13a, 11:16
Garraio publikoa erabiltzea sarituko da. ALEA

130.000 euro zuzenduko dituzte Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat.

Ikasturte honetan, udalerritik kanpo Batxilergoa edo Lanbide Heziketako ikasketak egitera mugitu behar izan diren Arabako ikasleen joan-etorriak diruz lagunduko ditu Aldundiak. Modu horretan, ikasleak bizitokia ez aldatzea eta bizi diren herrian geratzea lortu nahi da. Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren sailaren eta Euskara, Kultura eta Kirol sailaren aurrekontuetatik 130.000 euro zuzenduko dituzte laguntza berria finantzatzeko.

Diru-laguntza hau ez da bateragarria Eusko Jaurlaritzak joan-etorriak edo egoitza aldaketak laguntzeko ematen dituen diru-laguntzekin, "jasotako beka mota edo modalitatea edozein delarik ere". Gainera, hainbat baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek: 30 urte edo gutxiago izatea eskaera egiten duten urtean; 2018ko abenduaren 31n Araban erroldatuta egotea; 2018/2019 ikasturtean Batxilergoan edo Lanbide Heziketan matrikulatuta egotea; eta ohiko egoitza eta ikastetxea udalerri ezberdinetan egotea eta haien artean 150 km baino gehiago ez izatea.

Zenbateko finko horrez gain, ikasleek aparteko beste zenbateko aldakor bat jaso ahalko dute, baldintza hauek betez gero: 25 urte edo gutxiago izatea eskaera egiten duten urtean; 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri batean erroldatuta egotea, 2018ko abenduaren 31n; herritik ikastetxera 65 kilometro baino gutxiago egotea; BAT, BARIK edo MUGI txartelak izatea edo garraio kolektibo itundua erabiltzen dutela frogatzea; eta ikasturtean ikastetxera egindako joan-etorrien %80 garraio txartel publikoa erabiliz egina izatea. Eskola garraio kolektiboa erabiliz gero, kuota guztiak ordaindu direla egiaztatu beharko da nahitaez.

Laguntzen zenbatekoa bizilekuaren eta ikastetxearen artean dagoen distantziaren arabera kalkulatuko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide