Alavesek Europarako azken trena Valentzian galdu du

Ibon Gorrisi 2019ko mai. 13a, 09:15
Azken bolada honetan arabarrak makal dabiltza defentsan. / LA LIGA

Mestallan 3-1 galdu ondoren, ilusio guztiak zapuztu dira.

Berriz ere, porrota. Alavesek okerreko bidea hartu du bigarren itzulian. Punturik pilatu ezinik. Izan ere, azken bederatzi partidetan hiru puntu besterik ez ditu lortu, gainera hiru horiek berdinketak izan dira. Horrek esan nahi du oso garaipen gutxi lortu dituela Ligako azken txanpa honetan.

Ilusioz beteriko denboraldia izan da, lehen itzulia izugarria izan zen. Urte hasierarekin batera ametsa gauzatzen hasi zen eta ia-ia denboraldi osoan zehar Europako postuetan izan da. Baina egia da neguko merkatuak zeresan handia izan duela bigarren itzuli honetan. Taldeak txakalaldia izan du azken partidetan eta zortea ere kontra izan du. Horren adibide dugu Mendizorrotzean Realaren kontra jokaturiko derbia. Gauzak horrela, Valentziaren kontra jokaturiko neurketa antzeko samarra izan baita.

Alavesek partidari hasiera bikaina eman dio. Zelai erdian oso ondo kokaturik izan da eta horren ondorioz etxeko taldeak ez du inongo aukerarik izan jokoa sortzeko. Gainera Valentziak dena zeukan jokoan. Txapeldunen Ligan sartzeko bai ala bai irabazi behar zuen. Horrexegatik, lehen minututik garaipenaren bila atera dira. Halere, 12. minutuan, Ximo Navarrok buruz erremate bikaina egin du eta saretara bidali du baloia. Jokoa ikusita bazirudien talde arabarrak garaipena lortuko zuela.

Usteak erdi ustel. Handik gutxira Soler erdilariak Duartek egindako erdi hutsari etekina atera dio: berdinketa jarri du markagailuan. Bigarren gola korner baten ondorioz Minak buruz sartu du 29. minutuan. Gol horrek erakutsi du defentsan arabarrak azken bolada honetan oso makal ari direla. Valentziak, ordea, eraginkortasun handia duela ikusi baita. Izandako gol aukerak gauzatu baitu.
Bigarren zatian, aurreko partidetan bezalaxe, nahi eta ezin. Abelardok aldaketak egin ditu eta bizitasuna eman dio jokoari. Halere, ez dira gauza izan gol aukera garbiak sortzeko. Jokoaren ekimena eraman du talde arabarrak baina sakontasun gutxirekin. Hori gutxi balitz, Gameiro aurrelariak futbol zelaira atera bezain pronto hirugarrena egin du eta Alavesen ilusioak bertan behera gelditu dira.

Pena, egindako denboraldiari era honetako bukaera ematea. Baina, hasieran izandako helburua ia-ia lehen itzulian bete zen eta orain izandako ametsa hegan joan zaigu. Hurrengo partida Gironaren aurka Mendizorrotza futbol-zelaian. Merezitako agurra taldeari emateko.

--

Valentzia: Domenech, Piccini, Garay, G. Paulista, Gaya, Soler, Wass (Mouctar Diakhaby), Parejo, Guedes, Santi Mina (82’. Ferran Torres) eta Rodrigo (64’. Gameiro)
Txartel horiak: 44’. Garay, 63’. G. Paulista

Alaves: Pacheco, Vigaray, Ximo Navarro, Laguardia, Duarte, Martin (64’. Borja Baston), Pina (74’. Manu Garcia), Darko, Jony, Rolán (74’. Twumasi) eta Calleri.

Txartel horiak: 16’. Darko Brasanac, 34’. Pina, 71’. Borja Baston, 88’. Laguardia eta 92’. Twumasi.

Golak:

0-1: 12’. Ximo Navarro.
1-1: 29’. Soler.
2-1: 34’. Santi Mina
3-1: 68’. Gameiro

Mestalla futbol zelaiko harmailak:

37.744 ikusle bildu dira Mestalla futbol zelaian. Arabatik joandako zaleak ehunen bat izan dira eta etengabe taldea animatzen izan dira. Halere, partida bukatu ondoren burumakur atera dira. Manu Garcia bigarren zatian atera da eta dagoeneko Alaves taldearekin 250 partida jokatu ditu. Ez da marka makala! Hurrengo norgehiagoka Mendizorrotzean izango da eta Ligako azken partida izango da.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide