Arrainen dantzari jarraika

Anakoz Amenabar 2019ko mai. 11a, 06:00
Pez Limbo taldeko Edu Hernando eta Josune Velez de Mendizabal. / Alea

Ohiko ereduetatik aldendu eta publikora modu desberdin batean heltzeko asmoarekin sortu zuten Pez Limbo antzerki taldea. 

Arrainen antzera, bizi-bizi, labainkor, isil isilik, joan-etorrian dabil Pez Limbo antzerki taldea Euskal Herriko taula batetik bestera. Umore garratzetik errealitateari kolpeka, hamaika geruza deskubritu beharko dituzte ikusleek pieza bakoitzean. Datorren astean izango da horretarako aukera, Koskak lanarekin; maiatzaren 15ean, Principal antzokian, 20:00etan eta 21:30ean.

Ez da, ordea, ohiko taula nagusiaren gainean izango, antzokiaren beste hiru espazio desberdinetan baizik. "Antzerki tradizionalaren markotik atera nahi dugu, beharbada elitistagoa den eredu batetik atera, eta, bide batez, antzerkitik aldenduta dagoen publiko horrengana ere iritsi nahi dugu", azaldu du Pez Limboko kide Edu Hernandok. Ezohiko hamaika lekutan aurkeztu dituzte obrak azken urteetan, esperientzia berri bila horietan; etxe pribatuetan, eskoletan, Gasteizko azoka plazan eta dutxa etxean, elizan,  eta baita Segoviako kartzela ezagunean ere. Publikoa parez pare izan dute horietan. "Ikuskizun mota honetan publikoak zaren moduan ikusten zaitu, artifiziorik gabe, eta ikusleak bata bestea ikusten du; egoteko beste modu bat da", aipatu du taldeko kide Josune Velez de Mendizabalek.     

Helburu horrekin jaio zen Pez Limbo 2010ean, eredu instituzionaletik aldendu eta publikoari gerturatzeko modu berrien bila. "Krisi momentua zen, lanik gabe geratu ginen eta elkartzea erabaki genuen hainbat aktorek Pez Limbo sortzeko", gogoratu du Edu Hernandok. Raul Camino eta Begoña Martin aktoreekin batera eman zituzten lehenengo pausoak; harategi bateko tripaki artean aurkeztu zuten Espinazo o callos? lana.  

Geroztik, saio batetik bestera aritu da Pez Limbo, antzerki obrak eta horiek inguratzen dituztenak eginez, Hernandok berak gogoratu duen moduan "orkestra gizon-emakumeen pare". Enpresa txikien antzera, "askotariko lanak" norberak egin behar dituela gogoratu dute, unean unekoa eta hurrengo hilabeteetakoari begira. Ideia sorta buruan, Dante entsegu lokaletan ematen diote forma gero, aurkezteko prest izan aurretik.  

'Miss Karaoke'

Datorren asteko Koskak ikuskizunarekin batera, beste hainbeste etorriko dira hurrengo hilabeteetan. Pez Limbok bakarrik sortutakoak edota beste hainbat talderekin produkzioa elkarlanean sortutakoak; esate baterako, Metrokoadrokarekin elkarlanean sortu dute Miss Karaoke, maiatzaren 31n azkeneko aldiz ikusi ahal izango dena. Bi urteren ostean, Gasteizen aurkeztu zuten lanaren ibilbidea amaituko da hiriburuan bertan, Hegoalde gizarte etxean, eta Baratza aretoan egingo duten jai batekin itxiko dute zikloa.  

Kale antzerkian aritu da hainbatetan Pez Limbo, eta aurtengo Gasteizko Kaldearte jaialdian ere parte hartuko dute, ekainaren 9an. Oxido lana ikusi ahal izango da bertan, pieza txikiez osatutako lana hau ere.

Publiko gaztearengana heltzeko, berriz, egitasmo bat lantzen ari dira udazkenera begira. Pixkat izeneko proiektuaren bitartez, 16 eta 20 urte bitarteko gazteentzako pieza txikiak eskainiko dituzte eskoletan. "Antzerkitik desagertuta dagoen publiko horrentzako proiektua da; hainbat obra labur eskainiko ditugu literatura eskoletan", azaldu du Hernandok. Bi urtez landu du proposamena taldeak, antzerkia, profesioa eta ingurumariak ezagutzeko "lehendabiziko tresna" izango dena askorentzat. "Eta arrastoa uzten dute halako saioek; gero beraiekin solasaldiak izaten ditugu, eta batzuen interesa pizteko balio duela konturatzen gara", nabarmendu du Velez de Mendizabalek.

Formatu desberdineko hainbat lan sortu ditu Pez Limbo taldeak; irudian, 'El gran mercado' lana. / P.L

Udazkena igarota, 150gr. jaialdia helduko da Pez Limboren eskutik, auzoko azoketara antzerkia eramateko jaialdia. Urtez urte gehiago dira  antzerkizaleak eta erosketak egitera joan eta harrapatuta geratu direnak. Iaz 1.500 lagunek parte hartu zuten hogei laguneko saioetan.

 2020ko otsailean izango dute hurrengo geldialdia Harri, orri, ar obrarekin, produkzio lanetan honetan ere. Principal, Arriaga eta Victoria Eugenia antzokien babespean, zazpi aktorek taularatuko dute Maria Goirizelaiak idatzitako testua.   

'Intacto'

Lan eta lan artean, Arabako antzerkiak egoera oparoa bizi duela irudi arren, ordea, "benetako hauspoa" behar duela uste du Hernandok. Sektorearen egoera prekarioa da, eta agerian utzi du hori Intacto jaialdiak. "Babes faltagatik", lengoaia eszeniko berrien jaialdiak etena egin behar izan du aurten. Erakundeen apustu falta agerian utzi du horrek, haren esanetan. "Jaialdia babes nahikorik gabe egin bada ere, egoera hori normalena zela eta betiko egingo zela uste genuen... prekario izateari utzi eta pausoa ematen denean agerian geratzen da benetako egoera zein den. Espero dezagun arduraz jokatzea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide