Gazte auzolandegiak izango dira Agurainen, Villamardonesen eta Korresen

Erredakzioa 2019ko mai. 8a, 10:29
Pedroko hezegunearen berreskuratzen jarraituko dute aurten. JUANMA GALLEGO

Aguraingo eta Gaubeako auzolandegietan atzerritarrak jasoko dituzte, eta ingelesez garatuko dira.

Gazte boluntarioen zortzi auzolandegi eskainiko ditu aurten Auzolandegiak programak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak antolatzen du programa, eta gure lurraldean Agurainen, Korresen eta Gaubeako Villamardones herrian egingo dira. 554 gaztek eman dute izena horietan parte hartzeko.

Aguraingo eta Gaubeako auzolandegiak nazioarte eremukoak izango dira, eta erreferentziazko hizkuntza ingelesa da. Gainerako auzolandegietan, Arraia-Maeztukoan barne, Estatuko autonomia erkidegoetako gazteek parte hartuko dute, eta erreferentziazko hizkuntzak euskara eta gaztelania izango dira.

Agurainen, Pedroko hezegunearen eta ingurune berdearen berreskurapena, garbiketa eta balioa handitzeko lanak egingo dituzte gazteek, beste urte batez. 184.700 metro koadro okupatzen ditu Pedroko hezeguneak, eta bertan tokiko espezie ugari daude landatuta. Gainera, ibilbide bat dago eta autoentzat aparkaleku txiki bat. Gazteek landaketaren zenbaketa egingo dute, eta falta diren espezieak landatuko dituzte berriro; halaber, hesia konponduko dute eta behatokia berreskuratuko dute. 

Arraia-Maeztuko Korres herriko Gustaldapa-San Ildefonso asfalto fabrikaren inguruan, indusketa arkeologikoen laugarren kanpainari ekingo diote gazteek, eta Gaubean, berriz, Valderejoko parke naturalaren barruan dagoen Villamardones herri hustuaren iturria zaharberrituko dute eta kaleak garbitu eta egokituko dituzte. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide