Alavesek burua altxatu gabe jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2019ko mai. 5a, 15:57
Bigarren zatian arabarrek aukerak izan dituzte gola egiteko, baina ez dituzte lortu. / LA LIGA

Realaren aurka 0-1 galdu du eta Europan sartzeko itxaropena itzali zaio.

 

Zer nolako Liga amaiera Alaves egiten ari dena! Emaitzei dagokienez, negargarria, benetan. Azkenengo 24 puntuetatik bakar bakarrik 3 puntu lortu ditu, hiru berdinketa. Ez dago modurik garaipena lortu ahal izateko. Realaren aurka taldeak zorte kaxkarra izan du. Gutxienez, berdinketa merezi izan du, baina Willian Josek eginiko jaurtiketa Manu Garciak desbideratu du sarera eta gol horrek eman die garaipena gipuzkoarrei.

Abelardok San Mamesen zelairatutako hamaikako bera atera du. Egia esanda, oso partida ona jokatu zuten eta gainera izandako sentsazioak onak izan ziren. Beraz, aurrekoan bezala, Martin zelai erdian jarri du, Manu Garcia eta Pinarekin batera kanpokoen jokoari eusteko. Ohi bezala, ekin dio partidari, atzealdean sendotasuna erakutsiz eta jokoaren ekimena Realaren eskutan utziz. Horren ondorioz, bai batak zein besteak oso gol aukera gutxi sortu dituzte. Partida aurrera joan ahala etxekoak gero eta maizago atera dira kontraerasora. Horretan ari ginelarik, etorri da zoritxarreko jokaldia eta Reala aurretik jarri da markagailuan. Golak eta zaleek emandako animoek taldea berpiztu dute eta behin eta berriz erasoari ekin diote. Berdinketaren gola Borja Bastonek izan du baina azken unean Zalduak baloia desbideratzea lortu du.

Bigarren zatian Wakaso atera da taldeari bizitasuna emateko. Jokoa erabat aldatu da eta Alavesek aukera paregabeak izan ditu gola egiteko. Bai eskuin zein ezker hegaletik egindako erdiraketak mota guztietakoak izan dira eta jokalariak gogotik ahalegindu dira berdinketa lortzeko. Callerik, Wakasok, Guidettik eta Ximo Navarrok aukerak izan dituzte markagailua mugiarazteko, baina guztiek Rullirekin egin dute topo.

Azkenik, etxekoek egindako esfortzu ikaragarriak ez du fruiturik eman eta ametsa bizirik mantentzeko behar ziren hiru puntu horiek Realak eraman ditu. Bi norgehiagoka gelditzen dira, Valentziaren aurka kanpoan eta Mendizorrotzean Girona taldea izango dugu, agurra emateko Abelardori eta taldeari. Oraindik ere Europan sartzeko aukera txikiak egon badaude. Ea posiblea den burua altxatzea hurrengo partidan!

Alaves: Pacheco, Vigaray (45’ Wakaso), Ximo Navarro, Laguardia, Duarte, Martin (79’. Twumasi), Manu Garcia,  Pina, Jony, Borja Baston (63’. Guidetti) eta Calleri.

Txartel horiak: 46’. Wakaso.

Reala: Rulli, Zaldua, Aritz Elustondo (72’. Juanmi), Héctor Moreno, Aihen Muñoz, Sangalli (45’. Igor Zubeldia), Ruben Pardo, Merino, Barrenetxea (57’. Kevin Rodriguez), Oyarzabal eta Willian Jose.
Txartel horiak: 72’. Ruben Pardo, 79’. Merino, 88’. Igor Zubeldia.

Golak:

0-1: 24’. Willian Josek jaurti eta Manu Garciak desbideratu bere atean sartzeko.

Mendizorrotzeko futbol zelaiko harmailak:

18.509 ikusle bildu dira giro ezin hobean. Bertaratu ziren guztiek txalo zaparrada batekin ongi etorria eman diote kiroldegiko harmailetako zaleen etorrerari. Izan ere, zenbait neurketetan kantu eta animatu izan gabe, Realaren aurkako partidan aukera izan dute berriz ere giro ezin hobea jartzeko Mendizorrotzeko futbol zelaian. Gainera, Gipuzkoatik etorritako zaleek bat egin zuten bertakoekin eta ikuskizuna erabatekoa izan zen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide