Arabako Aldundiak 2019ko enplegu publikoaren eskaintza onetsi du gaur, guztira, 7 plazarekin. Horiek 2017ko eta 2018ko EPEetako hautaketa prozesuari gehituko zaizkio, datorren uztailean hasiko dena. 7 plaza horiek lanbide talde hauetakoak izango dira: 4, administrarien taldekoak; 2, zerga ikuskatzaileenak; eta 1, albaitarienak.
Guztira, 98 plaza eskainiko dira prozesuan, eta banaketa hau izango dute kategoriaka:
-83 administrari
-6 zerga ikuskatzaile laguntzaile
-5 albaitari
-2 zerga ikuskatzaile
-2 informatikako teknikari
Hautaketa prozesua datorren uztailean hasiko da. Uztailaren 12an izango dute lehenengo ariketa albaitari eta zerga ikuskatzaile laguntzailearen plaza batera aurkezten direnek. Eta egun bat beranduago, uztailaren 13an, ariketa guztiak egingo dituzte administrari plaza bat lortu nahi dutenek. Urrian, ordea, zerga ikuskatzaileen lehenengo proba egingo da.
Enplegu Publikoaren Eskaintzetako hautaketa prozesuan sartu diren 98 funtzionario plazetatik gehienak (51 plaza, 2017an, 40 plaza 2018an eta 7 plaza 2019an), hain zuzen 88 plaza, sistema ireki bidez adjudikatuko dira, eta gainerako 10 plazak, barne sustapen bidez. Gainera, oposizio-lehiaketa honetako 98 plazetatik 8 ezinduentzat gordeta daude.
Ia 5.000 pertsonak (4.983 lagun) hartuko dute parte 2017ko, 2018ko eta 2019ko enplegu publikoaren eskaintzetako hautaketa prozesuetan, administrari, albaitari, zerga ikuskatzaile eta zerga ikuskatzaile laguntzaileen 96 plazetatik bat eskuratzeko. Kopuru hori handiagoa izango da informatikarien 2 plaza hutsak eskuratzeko izena emateko epea irekitzen denean.