Wikipedian barneratzeko saioak

Erredakzioa 2019ko mai. 2a, 16:39
Bi eta hiru ordu arteko saioak izango dira. /Alea

Edukiak editatzeko saioak egingo dituzte Oihanederren, hilaren 14an eta 28an.

Arabako Foru Aldundia eta Euskal Wikilarien Elkartearen eskutik, Wikipedian edukiak editatzen ikasteko saioak izango dira hilaren 14an eta 28an. Wikipediaren gaineko ezagutza bultzatzea dute helburu, eta, horretarako, ikasleek euren adinera moldatutako ariketak izango dituzte.

Antolatzaileen arabera, Wikipedian idatziz euskarazko irakurmena, idazteko gaitasuna, terminologia, eta espresioa lantzen dira, hurbileko testuinguruaren ezagutzarekin batera. Eta hain zuzen ere, horixe izango da proiektu honetako beste zutabeetako bat: konpetentzia digitalak jorratuko dituzte, garrantzitsuak diren ezagutzak lortuz, garatuz, eta publikoki konpartituz.

Euskarazko Wikipedia aipatzean, ez dira bakarrik entziklopedia idazteaz ari. Badira bestelako proiektu batzuk XXI. mendeko konpetentzia digitalak lortzeko aukera ematen dutenak. "Besteak beste, Wikimedia Commons – argazki eta irudi libreen munduko biltegirik handiena–, Wikidata –50 milioi item baino gehiago dituen datu basea–, edota Txikipedia –euskaraz aitzindaria den proiektua: 8-13 urtekoentzat moldatutako entziklopedia–".

Gasteizen bi saioko ikastaroa aurreikusten dute talde bakoitzarentzat. Lehenengo saioan Wikipediaren eta Txikipediaren funtsak ikasiko dituzte: euren funtzioak, artikuluak egiteko irizpideak, eta ikasleen lana nola jarraitu eta ebaluatu. Halaber, Wikimedia Commonsera irudi libreak nola igo, nola bilatu eta nola erabili azalduko da. Orobat, laburki bestelako wikiproiektuen berri ere emango zaie.

Bigarren saioan ikasitakoa praktikara eramatean gertatutako arazoak ikusiko dituzte. Oraingo honetan arazo horiek zelan konpondu, zer tresna gehigarri dauden, eta Wikipediaren funtzionamenduan sakontzeko aukera izango dute.

Saioak Oihaneder Euskararen Etxean izango dira, maiatzaren 14an eta 28an eta parte hartu nahi duen edonork aldez aurretik izena eman beharko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide