Bi urte barru hasiko da Enresa Garoña eraisten

Erredakzioa 2019ko mai. 4a, 07:00
Garoñako zentral nuklearra 2021an eraisten hasiko dira. PHOT.OK

Espainiako Naturgyk –lehengo Gas Natural Fenosa–, Bilboko Idomek eta sektore nuklearreko multinazional handiena den Westinghousek sortu duten Aldi Baterako Enpresa Elkarteari (ABEE) esleitu diote zentrala botatzeko plan teknikoa.

Bi urte barru hasiko dira Garoña eraisteko lanak. Hori da Enresak agertu berri duen asmoa. Espainiako hondakin nuklearraren enpresak bi epeetan egin nahi ditu lanak, eta prozesua hamar urtez luzatuko dela aurreikusi du. Espainiako Gobernuak, bere aldetik, lanak bizkortzeko asmoa agertu du.

Hasteko, iragan martxoan, Garoñako zentral nuklearra eraisteko diseinua eta txosten teknikoa esleitu zituen Enresak. Espainiako Naturgyk –lehengo Gas Natural Fenosa–, Bilboko Idomek eta zentral nuklearrak eraikitzen dituen Westinghouse multinazionalak sortu duten Aldi Baterako Enpresa Elkarteari (ABEE) egokitu zitzaion 10,4 milioiko kontratua. Bost urteko epean egin beharko dituzte zentrala botatzeko lan teknikoak eta ingeniaritza kalkulu guztiak.

Ondoren, hiru urteko lehen fase batean eta zazpi urteko bigarren fasean zentrala eraitsi eta lurrak berreskuratuko dituzte. Enresak 480 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du lan hauek guztiak egiteko. 

Zalantzak epeekin

Arabatik gertu dagoen zentralaren itxiera esperientzia aitzindaria izango dela nabarmendu du Francisco Castejon fisikari nuklearra eta Ecologistas en Accion taldeko kideak, ez baitu zerikusirik izango eraisten ari diren Estatuko beste bi zentralekin. Castejonek azaldu duenez, Zoritako zentrala (Guadalajara, Espainia) presiopeko urarekin hozten da eta Vandellosekoa (Tarragona, Katalunia), berriz, gasarekin. "Teknikoki ez dute zerikusirik Garoñako zentralarekin, irakiten duen urarekin funtzionatzen duelako". 

Hortaz, Castejonen irudikoz, ezinezkoa da jakitea zenbat urte behar izango dira Garoña eraisteko, baina hamabost urte baino gutxiagoko epean ez du bideragarri ikusten. Halaber, inbertsio ekonomikoari dagokionez ere uste du ezinezkoa dela aurreikustea zenbat diru gastatuko den, nahiz eta Enresak 480 milioiko datua jarri duen mahai gainean.

Castejonek gogoratu du Zoritako kasuan aurrekontua betetzen ari dela, baina Garoñako zentrala baino hiru aldiz txikiagoa da. Vandellos I zentralaren kasuan, aldiz, muga guztiak hausten ari dira eta zentrala eraisteko  eraikitzeko gastatu zuten bezainbeste inbertitu behar izango dute. "Garoñako sistemak eraispena garestitzea ekar dezake, zentralaren lehen mailako zirkuituko ura tutuerietara, kondentsadoreetara, eta turbinetara iristen baita eta horrenbestez horiek ere hondakin nuklearrak bezala tratatu behar dira".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide