Espainiako Hauteskundeen ajearen ostean datoz udal eta foru hauteskundeak eta Europako bozak. Gauza jakina da gorteetarako hauteskundeen emaitzak eta udal eta foru hauteskundeetarako emaitzak ezin direla alderatu, baina oso presente izango dituzte alderdi politikoek ospatu berri diren hauteskundeen bozak hurrengo maiatzaren 10ean hasiko den hauteskunde kanpainan.
Honezkero, Arabako 53 udalerritan ospatuko diren hauteskundeei begira zerrendak onartu ditu Hauteskunde Batzorde Zentralak. Arabako Batzar Nagusietako hiru barrutietan –Gasteiz, Lur Jareak eta Aiara– lehiatuko diren hautagaien zerrendak ere publikoak dira. Guztira, 443 zinegotzi aukeratu behar dituzte arabarrek eta 51 batzarkide: 39 Gasteizko barrutian, bost Aiaran eta zazpi Lur Jareetan. 2015. urteko hauteskundeetan sei batzarkide aukeratu zituzten Aiarako udalerriek, baina populazio galera dela eta, bat gutxiago egokitu zaie, eta Gasteizek irabazi du batzarkide hori.
Orain dela lau urteko hauteskundeetan EAJk 30 alkatetza lortu zituen lurraldean, EH Bilduk bederatzi, hautagai independenteek zortzi, PPk hiru eta PSE-EEk bi. Aurten, alkateen %64 berrautaketara aurkeztuko da, hain zuzen 34. Horien artean daude udalerri nagusietako egungo alkateak: Gasteizko EAJko Gorka Urtaran, Laudioko EH Bilduko Natxo Urkixo, Amurrioko EAJko Josune Irabien edo Oion, Zuia, Iruña Oka eta Dulantziko udalburuak. Hurrengo hauteskundeetan aurkeztuko ez diren "historikoen" artean daude Aguraingo Iñaki Beraza –EAJk Ernesto Sainz Nanclaresen alde egin du– edo Argantzungo Roberto Ortiz de Urbina –talde independentea desagertu da–.
Independente gutxiago
Arabako udalerri gehienetan Hego Euskal Herriko talde politiko nagusiek –EAJ, EH Bildu, PP eta PSE-EE– zerrendak aurkeztu dituzte. Estatuan zabalpen handia duten VOXek eta Ciudadanosek, berriz, hiriburutik aparte oso toki gutxitan izango dituzte aukerak; Santiago Abascalen alderdiak Gasteizen, Dulantzin, Amurrion eta Laudion aurkeztu ditu hautagaiak, eta Albert Riveraren Ciudadanosek Gasteizen, Erriberabeitian, Iruña Okan eta Trebiñun.
Hauteskunde-zerrendei erreparatuta, nabarmen jaitsi da herrietako talde independenteen kopurua. Lau urte eta gero desagertu dira Añana Aurrera, Lezako herria, Asparrena Bidean, Urkabustaiz Zabala, Zuiak Batzen Gaitu, Zigoitiako Sarragoa eta Iruña Okako, Erriberagoitiko, Ekorako, edo Bernedoko bizilagunen asanbladak, besteak beste. Argantzunen ere desagertu egin da orain arte gobernatu duen taldea, eta soilik PP, EAJ eta EH Bildu lehiatuko dira udalerrian.
Alta, udala gobernatu duten zenbait herritako talde independenteak lehian izango dira berriz; horra hor Kanpezuko Kaixo, Eltziegoko Zieko Bai, eta Zanbranako, Urizaharreko eta Dulantziko talde independenteak.
Zazpi aukera Tebiñun
Ohikoa denez, Arabako herri txikietan hiru edo lau hautagai-zerrenda aurkezten dira bakarrik, alderdi politiko nagusiek sustatuta. Hala, Arabako 13 herritan hiru zerrenda bakarrik izango dira lehian, eta beste 25 herritan lau zerrenda artean soilik aukeratu ahalko dute herritarrek. EAJren, EH Bilduren, PPren edo PSE-EEren artean banatuko dira bozak Añanan, Urkabustaizen, Villabuenan, Zigoitian, Zalduondon, Burgun, Kuartangon, Lagranen, Legution, Samaniegon, Iruraiz-Gaunan, Erriberagoitian, Haranan, Artziniegan, Bernedon, Barrundian, Arrazua-Ubarrundian, Arraia-Maeztun, Lantaronen eta Aramaion.
Beste muturrean Gasteiz dago. Hiriburuan hamaika hautagai-zerrenda daude honezkero. 2015. urtetik Gastoria, UpyD eta Sumando-Hemen Gaude desagertu dira, eta aurkeztu berri dira Libres por Euskadi eta Por un mundo mas justo taldeak.
Amurrion eta Laudion zazpi zerrenda artean aukeratzeko tenorean izango dira, baita Trebiñun ere. Izan ere, populazioaren eta hautagai-zerrenden kopuruaren artean izan ohi den oreka Trebiñun hautsi da beste behin, udalerriak bizi duen gatazka politikoaren erakusgarri. 1.300 biztanle baino gutxiago duen udalerrian honakoak lehiatuko dira: hiru talde independente (Ciudadanos del Condado CDC, Condado para Todos CPT, eta Agrupación Independiente Condado de Treviño AICT), EH Bildu, EAJ, PP, eta Ciudadanos.