Datu historikoak izan ditu EAJk Araban; lehen aldiz irabazi dituzte Espainiako bozak jeltzaleek, eta alderdi bozkatuena izan da Bizkaia eta Gipuzkoan ere. Inoizko boto kopuru handienarekin (40.199), Mikel Legarda izango da EAJren Arabako ordezkaria Madrilen (%22,74).
Gertutik jarraika du PSE, Isabel Celaa buru. Sozialistak 604 boto atzetik dira (35.595), 2016an baino 13.000 boto gehiagorekin (%22,40). Gainbehera handiena Elkarrekin Podemosek izan du, eserleku bati eutsi dion arren (%17;73); 2016ko hauteskundeak irabazi zituen Araban, eta 20.000 babes gutxiago lortu ditu oraingoan (31.346), inkestek iragarri zuten moduan, baina Juantxo Uralderen eserlekuari eutsi diote.
Marotok kale, Bilduren mesedetan
Laugarren eserlekua dantzan izan da hauteskunde gauean, eta EH Bilduren esku geratu da azkenik. 334ko botoren aldearekin eskuratu du EH Bilduk laugarrena (24.687), PPren kaltetan (24.304); eserlekurik gabe geratu da Javier Maroto, eta Iñaki Ruiz de Pinedo izango da EH Bilduren ordezkaria. Kanpainan agerian geratu zen bi alderdien arteko lehia azken eserlekua eskuratzeko, eta azkeneko mahaiak zenbatu arte izan da tentsioa, abertzaleen mesedetan azkenik.
Aurreko hauteskundeetan baino parte-hartze handiagoa izan da, bost puntu gehiago; %71,19k bozkatu du aurten. Eta, Arabako mapari erreparatuta, jeltzaleak dira nagusi Laudion, Amurrion, Kanpezun, Maeztun, Agurainen, Dulantzin, Gaubean edota Lantziegon. EH Bilduren esku geratu dira Legutio, Aramaio, Zalduondo, Zuia, Asparrena edota Urkabustaiz. Elkarrekin Podemosek irabazi du Trebiñu eta Armiñonen. PPren esku dira Guardia eta Navaridas. Eta PSEk irabazi ditu Iruña Oka, Erriberabeitia, Oion eta Gasteizen.
Sozialistek irabazi dute hiriburuan, EAJ da bigarren indarra, Elkarrekin-Podemos hirugarrena, PP laugarrena eta Bildu bosgarrena. Gasteizen popularrek EH Bilduk baino 5.000 boto gehiago eskuratu dituzte.