Martxan da Bonodenda kanpaina

Erredakzioa 2019ko api. 26a, 08:37

Denera, 2.000 deskontu-txartel jarriko dira herritarren esku.

Gaurtik uztailaren 6ra arte egongo da indarrean tokiko dendetan kontsumoa bultzatzea helburu duen kanpaina. Bosgarren edizio honetan, guztira, 2.000 deskontu-txartel jarriko dira herritarren esku —iaz baino 200 gehiago—, erosketak % 20ko deskontuarekin egin ahal izateko.

Tokiko ehun saltokitik gora atxiki dira aurten. Horiek guztietan trukatu ahal izango dira deskontu-txartelak. Aurreko edizioetan bezala, txartel bakoitzaren salneurria 40 eurokoa izango da, eta horrekin 50 euroko erosketak egin ahal izango dira. Horrez gain, tiketaren batez besteko balio handiagoa duten saltegietan, bi txartel ere (gehienez) erabili ahal izango dira batera erosketa berean, 100 eurotik gorako erosketetan. 

Askotariko saltokiek parte hartuko dute, hala nola, elikadura, jantziak, oinetakoak eta jantzi-osagarriak, aisialdi- eta kultura-jarduerak, kirolak, bitxi-dendak, etxeko gauzak, lore-dendak, farmazia eta zerbitzuak.

Gorbeialdean

Bonodenda kanpaina Gorbeialdea eskualdera iritsiko da oraingoan ere, eta eskualdean erabiltzekoak diren txartelen kopurua 2018an erabilitakoaren halako bi izango da. Ingurune horretako eskaintzaren ezaugarrietara egokituko da kanpaina, askoz lotuagoa baitago gertuko merkataritzarekin eta elikadurarekin. Hain zuzen ere, 20 euroko bonoak erosi ahal izango dira; 25 euroko erosketak egiteko aukera emango baitute atxikitako saltegietan.

Bonodendako 2.000 txartelak honako leku hauetan erosi ahal izango dira: Gasteizen, Rural Kutxaren bulegoetan eta AEnkomerreko bulegoan (Aiztogile kalea, 61), eta Gorbeialdea eskualdeko zenbait saltokietan.

Kanpainan parte hartzen duten guztien zerrenda  AEnkomerren webgunean kontsultatu ahal da: www.aenkomer.com

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide