Kepa Sojoren 'La pequeña Suiza' estreinatuko dute ostiralean

Erredakzioa 2019ko api. 25a, 14:03

Ostiralean estreinatuko dute 'La pequeña Suiza'/ Kuttuna Filmak

Jon Plazaolak, Ramon Bareak edota Karra Elejaldek parte hartu dute pelikulan.

Ostiralean, hilaren 26an, iritsiko da zinema aretoetara La pequeña Suiza Kepa Sojo zinegile laudioarraren bigarren film luzea. Joan den udazkenean grabatu zuten pelikula Artziniegan eta Laudioko Ermualde santutegian, hainbat aktore ezagunekin.

Telleria herriaren istorioa kontatzen du pelikulak; Trebiñuren egoera gogora ekartzen duen herria. Euskal Herriaren erdialdean egon arren, Gaztelak kudeatzen du herria, baina herritarrek euskal herritarrak izan nahi dute. Gobernuaren ezetzaren aurrean, aurkikuntza arkeologiko batek bide berri bat zabalduko die telleriatarrei: Suitzara batzea. Egoera horretan, hainbat komeria biziko dituzte herritarrek.

Gidoia Kepa Sojok eta Sonia Palaciosek idatzi dute, eta izen ezagun asko ageri dira aktore taldean. Besteak beste, Jon Plazaolak, Karra Elejaldek, Ingrid Garcia-Jonssonek, Susana Soletok, Ramon Bareak, Lander Otaolak, Mikel Losadak, Kandido Urangak eta Maribel Salasek parte hartu dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago