Arabako jai nagusiarekin batera aukeratuko dituzte 256.917 bizilagunek herrialdeak Espainiako Kongresuan izango dituen lau ordezkari, eta Senatuan izango dituen beste lau. Eta, hain zuzen, Espainiako hauteskundeak San Prudentzioko zubiarekin batera egiteak sortu duen egoera bitxia bilakatu da kanpainako protagonista. Hala, denon hizpide izan dira posta bidezko botoaren gorakada (erroldaren %13) eta postetxeko ilara luzeak; eta hauteskunde-mahaietan egoteko obligazioak oporraldietara atera nahi zuten arabarren artean sortu duen ezinegona. Pasadizo ugari utzi dituzte hauteskunde egunean presidentea edo mahaikidea izateko ardurak saihesteko hainbat herritarrek erabili dituzten trikimailuek. Horien artean xelebreena wallapop bigarren eskuko trasteak saltzeko webgunean argitaratutako iragarkia izan da: mahaiko presidente kargua salgai jarri zuen arabar batek, eta ordu gutxiren buruan kendu behar izan zuen iragarkia; trukean tematuz gero, ordezkoa baino, espetxe zigorra izango zuela ohartarazi ziotenean.
Hala, apirileko lehenengo egunetan, alderdi politikoen diskurtsoei baino Hauteskunde Batzordearen erabakiei begira egon dira arabar asko; eta ez da sumatu urduritasun handirik Espainiako Gorteetan ordezkaritza lortzeko alderdi politikoak jokatzen ari diren lehia estuagatik.
Laugarrena, lehian
2019ko agertoki politikoari erreparatuta, ohi den bezala, oso berdinduta dago egoera Araban. Lau eserleku daude jokoan Espainiako Kongresuan, eta, printzipioz, herrialdeko bost alderdi politiko nagusien artean banatuko lituzkete: Elkarrekin Ahal Dugu, PP, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren artean hain zuen. Itxura denez, inork ez du bigarren eserlekua eskuratuko Kongresuan, eta alderdi bat kanpoan geratuko da.
2016ko hauteskundeetan, Elkarrekin Ahal Dugu izan zen gehien bozkaturiko alderdia lurraldean; botoen %30,9a lortu baitzituen eta diputatu bat; EAJk eta PPk ere eserleku bana lortu zuten Kongresurako, eta PSE-EErentzat izan zen laugarren diputatua. EH Bilduk 2011. urtean Amaiurrek lortu zuen diputatua galdu zuen.
2016KO EMAITZAK |
1. Elkarrekin-Ahal Dugu
2. PP
3. EAJ
4. PSE-EE
5. EH Bildu
|
2019an, berriz, oso zail izango du Elkarrekin-Ahal Duguk lehen ateratako emaitzak errepikatzea, baina inkesten arabera diputatuari eutsiko dio. EAJk eta PSE-EEk ere lortuko lukete eserleku bana. PSE-EEren kasuan, gainera, bi eserleku lortzeko aukera ere ematen dio CISeko azken inkestak, PP eta EH Bildu ordezkaritzarik gabe utziz. Soziometroaren arabera, ordea, PPk eramango luke laugarren diputatu hori Araban, eta haren atzetik geratuko da EH Bildu, ordezkaririk gabe. Alta, sei mila boto inguruko aldea dago soilik bi alderdien artean, eta PPk beherako joera mantenduko balu, Gasteizko diputatua ere gal dezake, EH Bilduren mesedetan.
Arabako joko-zelaia
Panorama korapilatsua ikusirik, Arabako agendaren defendatzaile bezala aurkeztu dute euren burua alderdi politiko guztiek hauteskunde kanpainan. Hala, Gasteizen zabaldu zuten kanpaina Elkarrekin-Ahal Duguk, EAJk, EH Bilduk eta Euskadiko Alderdi Popularrak. PSE-EEk, berriz, Bilbon egin zuen hasierako ekitaldia.
PPko hautagai Javier Marotok ordezkatzen duen eredu "atzerakoiaren" kontra bat egin dute euren diskurtsoetan gainerako alderdi politikoek, EAJtik hasita EH Bildura, eta Espainiako eskumako alderdiak gerarazteko botoa eskatu dute guztiek. Halaber, Espainiako instituzioetan "eragingarriak" izateko botoa eskatu dute EAJk eta EH Bilduk; PPk, berriz, nazionalisten eta sozialisten arteko akordioak kritikatu dituzte, Espainia "arriskuan" jartzen dutelako.