Espainiako Hauteskundeak

"Emozioetara jo dute kanpainan, eta horrek erantzun oso primarioa izaten du"

Anakoz Amenabar 2019ko api. 25a, 07:53

Felix Arrieta politologo eta gizarte laneko irakaslea. / Julian Callon

Eskuin muturraren "eragin zuzena" agerikoa da hauteskunde hauetan, Arrietaren esanetan; Araban, eskuinaren zatiketak PPk eserlekua galtzea ekar dezake, Bildu edo PSOEren mesedetan. 

Gehiengo nahikorik gabe, Espainiako hurrengo presidenteak akordioen beharra izango du, inkesta guztien arabera. PSOE eta Podemosen arteko aukera lehenetsiko badute ere, "zenbakiek" sozialisten eta Ciudadanosen artekoa osatzeko joera erakusten dutela dio Felix Arrieta politologo eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko irakasleak (Donostia, 1982). Oraindik botoa emateko erabakia hartu ez dutenak "erabakigarri" izan daitezke. 

Kanpaina eta debate nagusiak ikusita, zer nabarmenduko zenuke? Emozioetara arrazoietara baino gehiago jo dute alderdiek?

Argi ikusi da badagoela batez ere eskuinak mugitu nahi izan duen elementu bat, lurralde egiturarekin lotura daukana. Bada "Espainia" ulertzeko modu bat, bere garaian España una, grande y libre harekin zerikusia duena, jendeari barrura heltzen zaiona, emozioetara heltzen zaiona, eta horrek mobilizatzeko kapazitatea du. Ez dago "Espainia" ulertzeko beste eredu bat martxan jartzerik, eta maila batean Podemosek eta PSOEren zati batek mahai gainean jartzen dutena oso zaila da artikulatzen. Eskuinak bere eredu hori mahai gainean jartzen duenean, erabat kutsatzen du kanpaina. Lurralde gaiak ez dauka beste modu batera artikulatzeko modurik, eta ez zaio espaziorik uzten, ez da pedagogiarik egiten. Tristeki, burura baino, sabelera, emozioetara jotzen da, eta horra jotzean oso primarioki erantzuten zaio. Oso ondorio makurra da, baina ematen du kanpainan eta hortik kanpo ere ez dagoela beste modurik hori artikulatzeko.

Nabaria da eskuin muturrak izan duela eragina diskurtsoetan?

Zalantzarik gabe. Nik uste VOXen presentzia Euskal Herrian ez dela adierazgarria izango, baina bere presentzia adierazgarria izaten ari da diskurtsoan eragina duen momentutik. VOXen gaitasuna kanpaina honetan nabarmena izaten ari da gehienbat agendan eta gaietan daukan eraginagatik. Besteak beste, argi ikusi genuen Pablo Casadok lehenengo debatean migrazio "erregulatu eta ordenatu" baten alde egin zuen adierazpena; hori, zalantzarik gabe, VOXen eraginez da. Araban, PP eta Marotoren eskutik egon zen agendan gai hori mahai gainean, baina oraingoan agenda markatzerakoan VOXen isla izan duela iruditzen zait. Zer esanik ez, noski, "Espainia, Espainia eta Espainia" leloarekin, espainol ona zer den eta zer ez den zehazteko diskurtsoekin; ultraeskuinaren eragin zuzena dela uste dut.   

Alderdi abertzaleek ere, "eskuin muturraren mamua" aipatuta, alde batera utzi dituzte beste gai batzuk? 

Bai. Uste dut kanpaina artikulatzeko modu bat dela. Alde batetik, "kontuz eskuin muturrarekin", eta, bestetik, "erabakigarriak izango gara Madrilen". EAJk tradizionalki erabili duen diskurtsoa izan da hori, eta EH Bilduk nik uste berriki egin duen estrategia aldaketa izan dela; kontestuak berak markatzen duen elementu bat da, ez bakarrik ultraeskuinaren etorrera, baizik eta Madrilen hurrengo balizko gobernuak izan ditzakeen ahultasunak edo babes behar hori. Bi alderdi abertzaleak perfil hori ari dira markatzen, ea nork lortuko duen erabakigarriago izatea babes behar horretan; eta egia da subiranotasuna edo beste elementu batzuk bigarren plano batean geratu direla kanpainan.

34.000 lagunek eskatu dute posta bidezko botoa Araban. / Alea

Eskuineko boto-emaileen inoizko mobilizazio handiena izan daiteke?

Mobilizazio handia itxaron daiteke eskuinaren partetik, baina mobilizazio horrek alderdi banaketa bat daukanez, ondorengo emaitzetan inoiz baino oihartzun txikiagoa izan dezake. Egia da Andaluzian, adibidez, ondorioa positiboa izan zela eskuinarentzako, baina kasu honetan, eta Espainiako barrutiak diseinatuta dauden bezala, eskuinaren zatiketa horrek on egin diezaioke espektatiba handienak dauzkan alderdiari: kasu honetan, PSOEri. Beraz, eskuinaren mobilizazio handiago batek ez du zertan emaitza hobeago bat izan behar, alderdien fragmentazioa dela eta. 

Fragmentazio horrek PP ordezkaritzarik gabe utzi dezake Araban? 

Hor dago auzia, Araban azkeneko eserleku horren inguruan. Dagoeneko niretzat albiste da PP azken espazio horretan mugitzen egotea; PPk Araban izan duen indarra kontuan izanda, sondeo guztietan azken indar bezala mugitzen egotea aipagarria da. Uste dut, zalantzarik gabe, eskuinaren fragmentazioak eragin duela hori. Ikusi genuen PPk kanpaina hasieran Gasteizen egin zuen ekitaldiak zenbat jende bildu zuen, eta hori ere adierazgarria da. Hortik aurrera, Maroto bezalako pertsona batek estatu mailan PPn duen pisuarekin eserlekua auzitan ikustea izan daiteke alkatetza galdu zuenean hasi zuen kontrakanpainaren azkeneko ondorioa; ikusteko dago hori posible den, baina inoiz baino posibleago dela esango nuke.

Podemosi beherakada handia eman diote. Desgastatuta heldu da hauteskundeetara?

Alderdi berri bat den heinean, alde batetik barne egiturak zehazteke izan ditu denbora askoan. Hasi zen oso barne demokraziaren deialdi zabala egiten zuen diskurtso batekin, eta poliki-poliki gainontzeko alderdiek duten barne egitura bat hartu du; bide horretan izan ditu zatiketak, Nafarroan nabarmenena, baina baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzarretan eta estatuko beste hainbat tokitan. Horrek Podemosi faktura pasa dio, noski. Alde batetik, barne egitura finkatzerakoan sortutako liskar horiek, eta, beste batetik, aurrekoan sortutako espektatiba handiek egiten dute orain begirada baxuagoa izatea.

Zer paper izaten ari da EH Bildu kanpaina honetan?

Bilduk estrategia aldaketa egin du, bere baliagarritasun bilaketa horretan. Horrekin bere posizioa indartu dezake Madrilen, baina arrisku bat ere izan dezake, bere oinarrian batez ere Espainiako hauteskundeekin kritikoa den ohiko boto-emailea despistatu dezakeelako. Ikusi beharko da Bel Pozuetaren apustua nola ateratzen den Nafarroan, eta Araban nola geratzen den azkeneko eserlekua, baina, edozein kasutan, ematen du estrategiak ondorio positiboak izango dituela.

"Vox-en presentzia adierazgarria da diskurtsoan sartu duten momentutik"

 

EAJ indartuta ematen dute, indar instituzional handiaren ondorioz. 

Indar posizio batetik agertzen da, eta azken urteetan ere beraien argudio nagusia da Madrilen akordioetara iristeko gaitasun hori; hori adierazi dute azkeneko urteetan ere, Rajoy eta haren aurrekontuak babestuz lehenengo, eta hurrengo astean Sanchezen zentsura mozioa babestuz. Euskal Herrian inoiz baino indar instituzional handiagoa daukate, eta nik uste horrek ere ematen diela nolabaiteko bultzada Madrilera bidean. Ikusiko dugu orain dagoen talka horretan, EH Bildu eta EAJren artean, bakoitzaren baliagarritasun hori nabarmentzeko, benetan EAJ gailentzen den, baina badirudi inkesten arabera hala izango dela, eta Aitor Estebanen figura ere indartuta atera daitekeela.

Inkesten arabera, azken egunetan zalantzan izan da hautesleen %40a. Zer erakusten du horrek?

Beti dago portzentaje bat azken momentura arte itxoiten duena, orain apur bat handiagoa bada ere. Kasu honetan erabakigarriak izan daitezke, batez ere blokeen arteko baturak zehazterakoan; inkestek tendentziak bisualizatzeko balio dute, eta badirudi joera handi bat dagoela alderdi sozialistak irabaziko duela igartzen duena, baina galdera handia da norekin bilatuko dituen akordioak. Oraindik erabakia hartuta ez dutenek zeresan handia izan dezakete, Podemosek izan dezakeen beherakada neurtu edota Ciudadanosek izan dezakeen balizko pisua neurtzeko.

Zuk zein akordio ikusten duzu posible?

Uste dut, zenbakiek ematen badute, PSOEk nahiago duela Podemosekin bat egitea. Baina oraingo joerak ikusita, zenbakiek Ciudadanosekin  egitera behartzen dute. Alderdi katalan eta abertzaleak saihesten saiatuko da, eta, noski, ahal dela, udal hauteskundeak pasa arte itxoingo du.

San Prudentziok nolako ondorioak utz ditzake Araban? 

Argi dago Sanchezek ez zuela pentsatu Araban hauteskundeak deitu zituenean, eta horrek lurraldean eragina izango du. Izan zuen mahaiak egituratzeko momentuan, eta izango du botoa emateko momentuan ere. Posta bidezko botoak igo egingo dira, eta ikusi beharko da abstentzioak nora jotzen duen, eta horrek zein eragin izan dezakeen azkeneko emaitzan. Tradizionalki hauteskunde hauetan egon da %30-%40 inguruko abstentzio maila Euskal Herrian, baina oraingoan Araban abstentzioaren eragina nabarmena izan daiteke.

Udal hauteskundeei begira, joera bat markatuko dute igandekoek? Ala desberdin bozkatzen da horietan? 

Uste dut desberdin bozkatzen dela, baina sekula ez ditugu hain gertu izan kongresuko eta senatuko hauteskundeak eta udal eta foruetakoak. Egia da alderdi estatalek emaitza hobeak izaten dituztela orokorretan udalekoetan baino, baina kasu honetan olatuak egin diezaieke mesederen bat hurrengo hauteskundeetarako. Eta hori kasu guztietan; Marotok aterako ez balu Arabako laugarrena eta EH Bilduk atera, sekulako bultzada litzateke hurrengoetarako, nahiz eta klabe diferentean bozkatu. Igande honetako emaitzek argumentuak emango dizkie bakoitzari, nahiz eta paradigma desberdinetan kokatu. Ikusiko dugu, dena den, lehen aldiz gertatzen den esperimentu bat delako; animoetan eragin dezakete emaitzek, baina ez dut uste, hala ere, joera bat markatuko dutenik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago