Alaves maldan behera erortzen ari da

Ibon Gorrisi 2019ko api. 24a, 16:09

Nahi eta ezin dabil talde arabarra, nortasuna galduta. / ALAVES

Bartzelonaren aurka huts eta bi galdu zuen, baina ametsa oraindik hegan.

Alaves ezinean ari da azken jardunaldietan. Punturik pilatu ezinik eta gainera joko kaxkarra eginez. Izan zena eta orain dena, horiek ez daukate zer ikusirik. Nortasuna erabat galdu du. Agian Abelardo entrenatzaileak harturiko erabakiak eragina izan dezake. Batek daki, baina garai batean atzealdean sendotasuna zena gaur egun ezerezean gelditu da. Zelai erdian gogortasuna eta abiadura zena, azken neurketetan ez da inondik inora agertu. Aurrealdean, arazo izugarriak ditu gol aukerak sortu ahal izateko.

Halere, atzoko partida erabat desberdina izan zen, aurrealdean Bartzelona ahalguztiduna zegoelako. Ia-ia partida handirik egin gabe eta, nolabait esateko, abiadura handirik sartu gabe, hasieratik bukaeraraino jaun eta jabe izan zen. Lehen zatian jokoaren ekimena eraman zuen, baloia alderik alde mugituz. Nagusitasuna erabatekoa izan zen baina gol aukera gutxi sortu zituen. Alavesek bost atzelariekin ekin zion neurketari, zelai erdian lau jokalari eta aurrealdean Borja Baston, presioa egiteko. Nola edo hala egindako planteamendu horrek atsedenaldira berdinketarekin joateko balio izan zuen.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, argi eta garbi ikusi zen Bartzelonak garaipena nahi zuela eta pitin bat aurreratu zituen lerroak. Horren ondorioz, 54. minutuan Aleñak egindako gola etorri zen. A zer-nolako jokaldia egin zuten! Goi mailako gola egin zuten. Hori gutxi balitz handik gutxira epaileak bideo ikusi ondoren penaltia adierazi zuen. Suarezek jaurti zuen eta bigarrena egin zuen. Gol honek min izugarria egin zion Alaves taldeari. Huts eta bikoarekin markagailuan bihotzarekin zerbait egin nahi baina ezin. Susperraldi txikia izan zuen taldeak eta azken minutuetan dena galduta zegoenean adorea erakutsi zuen aurrera joateko.

Ligako azken txanpan sartu gara eta oraindik ere ametsa hegan dabil. Alaves Europan sartzeko borrokan sartuta dago. Errealitatea gordina da: azkeneko 18 puntuetatik bakar-bakarrik bi lortu ditu. Emaitzak ez dira onak izan baina matematikek garbi erakusten dute oraindik aukera asko duela zazpigarren postuan bukatzeko.

Hurrengo partida derbia izango da San Mames futbol zelaian. Gainera Athletic aurkari zuzena baita. Beraz, egun polita larunbat honetan Bilbon danborrada jotzeko.

Alaves: Pacheco, Vigaray, Ximo Navarro, Laguardia, Ely (70’. Twumasi), Duarte, Rolan (46’.Darko Brasanac), Pina, Wakaso; Jony (80’. Guidetti) eta Baston.

Txartel horiak: 32’. Jony, 55’. Ximo Navarro eta 94’. Pina.

Bartzelona: Ter Stegen, Sergi Roberto, Pique, Umtiti, Semedo (69’. Alba), Vidal, Busquets, Aleña (87’. Arthur); Dembele (60’. Messi), Suarez  eta Coutinho.

Txartel horiak: 75’. Coutinho.

Golak:

0-1: 54’. Aleña
0-2: 59’. Suarez, penaltiz

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

18.735 ikusle bildu ziren Mendizorrotzean norgehiagoka ikusteko. Gau hotza, are hotzagoa egiten baita kanturik gabe. Izan ere, kiroldegiko zaleak bost minutu beranduxeago sartu ziren eta eserlekuetan eseri ziren inongo kanturik egin gabe. Zenbait unetan bildutakoek Alaveseko zuzendaritzari irtenbidea emateko eskatu zioten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide