Guztira, 4.983 lagunek parte hartuko dute Arabako Foru Aldundiaren Administrazio Orokorreko EPE Enplegu Publikoaren Eskaintzako hautaprobetan. Datorren uztailean hasiko dira administrarien, albaitarien eta zerga ikuskatzaile-laguntzaileen 89 plaza eskuratzeko azterketak.
Izena eman duten gehienek –4.626 lagunek– administrarien 79 plaza okupatzeko parte hartuko dute; 160 lagunek, berriz, zerga ikuskatzaile laguntzaileen lau plaza lortzeko; 108k albaitarien beste lau plaza lortzeko, eta gainerako 89k zerga ikuskatzaileen bi plaza eskuratzeko azterketa egingo dute.
Uztailaren 12an izango da albaitarien eta zerga ikuskatzaile-laguntzaileen azterketak. Uztailaren 13an, berriz, administrarien probak egingo dira, eta plaza horietarako lehiatzen direnek egun horretan bertan egingo dituzte azterketa guztiak. Zerga ikuskatzaile lanpostuko lehen probak urriaren erdialdean egingo dira.
Arabako Enplegu Publikoaren Atarian kontsultatu ahal dira EPEko kategoria profesional desberdinetan onartu diren pertsonen behin-behineko zerrendak. Zerrendak apirilaren amaieran argitaratuko dira Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO), eta orduan, hamar egun balioduneko epea hasiko da errekurtsoak aurkezteko. Behin aurkezten diren errekurtsoak aztertu eta ebatzi ondoren, onartuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.