Kanporaketa berdindu du Baskoniak

Aritz Mtz. de Luna 2019ko api. 18a, 20:59
Argazkia: Euroleague.net

Pronostikoak puskatuta, Baskoniak kanporaketako bigarren partida irabazi du, CSKAren etxean (68-78).

Asko hitz egin da azken astean CSKAren kontrako kanporaketan garaipena lortzeko zer egin ote zitekeen asmatu nahirik. Batzuek argi dute talde errusiarra askoz ere sendoagoa dela talde bezala, eta kanporaketan garaipena lortzeko aukera urrun samar dagoela. Beste batzuek, aldiz, Baskonia edozein aurkariren kontra gailentzeko gai dela sinistuta daude, eta etxetik kanpo partida bakarra irabazteak kanporaketa Baskoniaren alde jarriko zuela argi ikusten dute. Eta halaxe kantxaratu dira jokalariak ere, balentria egin zitekeela sinistuta.

Pronostikoak puskatu eta etxetik kanpo garaipen bat lortzeak kaleratzearen mamuak usatzeko aukera eskaini zezakeen, eta helburu horrekin lanerako prest kantxaratu dira gasteiztarrak. Taktikoki ere, Perasovicek lehen partidako emaitza ezberdinak bilatu nahirik, ezusteko erabakiak hartu ditu: bi hegalpibot (Voigtmann eta Shengelia) kantxaratu ditu hasierako bostekoan, CSKAren defentsa gogorra saihesteko kontraeraso jokoa baliatu nahi izan du, minutu gutxi jokatutako Jones ere defentsa gogortzeko erabili du lehen zatian eta, asteartean ez bezala, barne jokoa baliatu du erasoan... emaitza ezin hobea eman diote taldeari erabaki horiek eta aldageletarako bidean, aurretik joan dira gasteiztarrak (37-42).

Bigarren zati gogoangarria

Astearteko partidan, hirugarren laurdenera parekatuta iritsi baziren ere, CSKAk, Chacho Rodriguez kanariarraren gidaritzapean, partida puskatzea lortu zuen eta gaurkoan ere horren beldur izango ziren zaletu asko. Gogoratu beharra dago Baskoniak hamalau urte luze zeramala Moskun garaipenik lortu gabe, eta horrek etxeko taldearen sendotasuna agerian uzten du.

Horren ordez, inoiz baina sendoago azaldu da Perasovicen taldea, erasoan baloia ondo mugituz eta, defentsan, azala kantxan uzteko intentzioz. Erritmoa bizitu egin da, gogoa eta kemena kalitatearen gainetik nagusitu dira eta planteamendu horrek mesede egin dio Baskoniari.

CSKA, halere, Europako talde onenetakoa da gaur egun eta jokaldi gutxiren buruan partidari buelta emateko gai direla aski ezaguna da. Gaurkoan ordea, ez da horrelakorik izan.

Baskoniak jokoa kontrolpean izaten asmatu du, eta jokalari guztiak partidan bete betean sartuta egon dira. Nabarmentzekoa Poirier dorre frantziarrak partida osoan zehar taulapean erakutsi duen nagusitasuna, eta, hirugarren laurden erabakigarrian, Hilliard hegalekoaren eskumutur fina.

CSKAk partida gogortu eta markagailuan aldea murriztu nahi izan duenerako, beranduegi izan da eta Baskoniak aldeari eustea lortu du.

Aurreiritziak puskatu dituzte gasteiztarrek gaurkoan. Kanporaketa berdinduta dago momentu honetan eta hurrengo bi partidak Gasteizen jokatuko dituzte. Errusiarrek faborito izaten jarraituko dute aurrekontu, palmares eta jokalarien kalitatea kontuan hartuta. Halere, Baskoniak inoiz baina gertuago izango du lauko finalerako txartela eskuratzeko aukera.

Hirugarren partida, Gasteizen, datorren asteazkenean, apirilak 24an, 20:30ean jokatuko dute bi taldeek.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide