Apirilaren 18an itxiko zuten posta bidezko botoa eskatzeko epea, eta 24an amaitu behar zen botoa ematekoa; alta, azken orduan, Hauteskunde Batzordeak erabaki du ostegunera arte luzatzea epea. PSOEk egindako eskaera bat aintzat hartu du erakundeak, eta modu horretan Araban dagoen eskaerari erantzuteko egun bat gehiago izango dute Correoseko postetxeetan.
Izan ere, Arabak du Espainiako estatuko posta bidezko boto-emaile kopuru handiena. Euskal Autonomia Erkidegoan, 101.213 herritarrek eskatu dute posta bidezko botoa (hautesle-erroldaren % 5,6). Horietako 43.739 bizkaitarrak dira (% 4,6), 28.589 gipuzkoarrak (% 4,2) eta 32.885 arabarrak (% 13,7).
2016ko Espainiako Hauteskundeetan posta bidezko botoen eskaerak ez ziren 14.000ra iritsi herrialdean.
200 mahaikide falta dira
Bestalde, Arabako Hauteskunde Batzordeak adierazi duenez, 200 lagun inguru falta dira oraindik Araban Espainiako hauteskunde-mahaiak osatzeko, askok ziurtagiria aurkeztu baitute mahaikide ez izateko. Horrenbestez, gaur hasiko dira berriz bidaltzen mahaian egoteko deialdiak.