Maiatzaren 8tik 30era ospatuko den Poetak Maiatzean ekitaldiko zazpigarren edizioak berri eta ekitaldi ugari eskainiko ditu, Araba osoan. Bostehun poeta gonbidatu dituzte, eta 10.000 pertsona biltzea aurreikusi dute antolatzaileek. Jaialdiaren zuzendari Elisa Ruedak nabarmendu duenez, poesia denen eskura jarri nahi dute: "Lortu nahi dena da poesia desmitifikatzea, dagoen ideia elitista suntsituz. Modu honetan, biztanleria bildu nahi da gune ezberdinetan, baina beti poesiaren inguruan".
Ildo horretan, jaialdian landuko diren gaiak gaur egun gizartean pil-pilean daudenak izango dira: integrazioa, berdintasuna, kulturartekotasuna, aniztasuna eta euskara, besteak beste.
Poetak Maiatzean nazioartean erreferente bilakatzen ari den jaialdia dela azpimarratu du Ruedak programaren aurkezpenean: "Ez dago mundu osoan honen modukoa den jaialdirik. Bakana eta berritzailea den proiektu hau bertsoen inguruan biltzen ditu pertsonak espazio konkretu batean, baita proiektu komun baten parte izatearen kontzientzia lantzen du ere".
Poetak eta musikariak
Jaialdian Euskal Herriko eta atzerriko poetek eta musikariek parte hartuko dute, besteak beste Antonio Gamoneda, Ana Rosetti, Noni Benegas, Berta Piñán, Rosana Acquaroni, Ana Mañeru, Carmen Camacho, Eva Vaz, Benjamin Prado, Bernardo Atxaga, Jabier Muguruza, Eider Perez, Leire Bilbao, Edu Zelaieta… Abeslarien artean, Juan Perro (Santiago Auseron) eta Zpu izango dira.
Iaz baino ekitaldi gehiago antolatu ditu aurten Hunkitu arte elkarteak, eta adin guztietako pertsonak kontuan hartu dituzte. Hala, aurten, ehun ekintza egingo dituzte Gasteizko hainbat espaziotan; hala nola, museoetan, Alde Zaharrean, eskoletan, zinemetan, tranbian, aldapa mekanikoetan, atarietan… Halaber, umeentzako eta gazteentzako tailer ezberdinak, antzerkiak, kontzertuak, emanaldiak eta beste makina bat ekintza izango dira.
Aurten ere herrietara zabalduko da Poetak Maiatzean; Oionen Maeztun, Gesaltza Añanan, Burgun, Agurainen, Amurrion, Gopegin, Guardian, Araian, Izarran, Orbison eta Legution izango da poesiarentzat tokia.