Lehen aukeran, kale

Aritz Mtz. de Luna 2019ko api. 16a, 20:54

CSKA sendoago azaldu da partida osoan zehar eta bigarren zatian partida puskatzea lortu du (94-68).

Denboraldi gora-beheratsua izan du Baskoniak, aurtengo ikasturtean zehar, kontinente zaharreko maila goreneko txapelketan. Makal ekin zion txapelketari, eta Pedro Martinez zalegoaren gustoko entrenatzailea izan arren, Euroligan eskarmenturik gabekoa izaki, garaipenik lortu ezinean ibili zen lehen partidetan.

Kerexetak ez zuen zalantzarik izan, eta iritzi orokortuari jaramonik egin gabe, Martinez kaleratu eta Perasovic ekarri zuen taldearen norabidea zuzentzeko asmoz. Taldeak ederki erantzun zion aldaketari eta jardunaldi gutxiren buruan egoera iraultzea lortu zuten gasteiztarrek.
Halere, denboraldi luzea da Euroligakoa, eta partidak pilatzen doazen heinean, talde bakoitzaren erresistentzia gaitasuna gailentzen hasten da. Hortxe nabaritu du Baskoniak talde handienekin dagoen aldea, eta nekeak pilatzen hasteak buruhauste ugari sortu dizkio azken jardunaldietan.

Zorionez liga erregularreko azken jardunaldian playoff-etarako sailkatzea lortu zuten Perasovicen mutilek. Egiari zor, beraien partida galdu zuten, eta beste kantxetako emaitzek mesede eginda lortu zuten sailkapena.

Gaurko partidak, denboraldi osoan zehar ikusitakoaren bide bera jarraitu duela esan genezake. Lehen zatian ondo eutsi eta partidan buru belarri egotea lortu duten arren, hirugarren laurdenean erritmoari eutsi ezinda ibili dira Baskoniako jokalariak.

Errusiarrek erasoko jokoan duten kalitatea agerian geratu da eta erraz nagusitzeko gaitasuna erakutsi dute. Amore eman ez arren, markagailuan aldeak gora egiten jarraitu du, eta azken laurdenean gasteiztarrak osteguneko partidara begira jarrita zeudela pentsa zitekeen.

Lauko finalera sailkatzeko ametsak bizirik jarraitu ahal izateko, ostegunean beste irudi bat erakutsi beharrean izango da Baskonia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide