Danzalava jaialdiak hamar jardueratik gora eskainiko ditu

Erredakzioa 2019ko api. 16a, 09:27

Jeremy Wade izango da 2019ko Danzalavan. GASTEIZKO UDALA

Euskal Herriko arte eszenikoetan, gorputzaren profesionalei eta lengoaia berriei prestakuntza eta laguntza eskaintzeko helburua du jaialdiak.

Lantegiak, publikoa sentsibilizatzeko erakustaldiak, topaketak, laguntza koreografikoak eta sormen-laborategiak izango dira 2019ko Danzalava jaialdian. Gasteizen eta Erriberagoitiko Lasierra herrian garatuko da programa.

Arte eszenikoetan erreferentea bilakatu da programa, eta bereziki lengoaia berriak garatzen ari direnei prestakuntza eta laguntza eskaintzen dizkie. Horretarako, ondo zehaztutako jarduera-ildoa du proiektuak: profesionalentzako ikastaro trinkoak ematen ditu, estatu mailan eta nazioartean erreferente diren irakasleen eskutik. Programa hori denboran egonkorra izatea nahi da.

Danzalavak nazioarteko ibilbide luzeko sortzailetan jarri du jomuga, ezagutza artistiko eta pertsonal handia duten profesionaletan, alegia, helburua dantzaren munduari eta herritarrei, oro har, beren ikuspegia eta esperientzia pertsonalak transmititzeko gai diren pertsonak ekartzea baita.

Danzalavaren lehenengo edizioaz geroztik, estatu eta nazioarte mailan garrantzitsuenetakoak diren mugimenduaren profesionalak igaro dira Arabatik: Guillermo Weickert, Victoria P. Miranda, Daniel Abreu, Iñaki Azpillaga, Idoia Zabaleta, Mala Kline, Agostina D´Alessandro, Mónica Valenciano, María Muñoz, Pep Ramis, Mark Tompkins, Katie Duck, Philipp Gehmacher, Federica Porello eta Vera Mantero portugaldarra. Horiei, Jeremy Wade, Mónica García, Julyen Hamilton eta Amalia Fernández batuko zaizkie laster.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago