Alavesek punturik urratu ezinik jarraitzen du

Alavesek punturik urratu ezinik jarraitzen du
Espanyolek jokoaren ekimena eraman du, partidari bizitasun ikaragarria emanez. / ALAVES

Ia-ia aukerarik gabe, Espanyolen aurka bi eta bat galdu du.

Alaves ezinean dabil azken partidetan. Azken lau lehietan puntu bakarra batu du: pasa den igandean Leganes taldearen aurka lortutakoa. Europarako trena hor dago baina pixkanaka urruntzen ari da. Espanyolen aurka taldeak ez du itxura ona eman. Gainera, taldeak ez du batere zorterik. Aurrekoan Mendizorrotzean azken minutuan gola egin zioten eta oraingo honetan Laguardiak bere atean egin du bigarren gola. Hau da hau!

Taldea ez da behar bezala sartu partidan. Lehen minututik Espanyolek jokoaren ekimena eraman du eta bizitasun ikaragarria eman dio neurketari. Bizi-biziak izan dira lehenengo minutuan. Halere, arrisku gehiegirik ez dute sortu. Talde arabarrari gero eta gehiago kostatzen zaio kontraerasora ateratzea. Aurrelariek, batez ere, defentsa lanak egiten dituzte. Zelai erdian helburu bera izaten dute, hau da, baloiak moztea eta lapurtzea. Egia esanda, Alavesek sekulako zailtasunak izaten ditu jokoa ehuntzeko. Horren ondorioz, talde kataluniarrak izandako aukera bakarrean bat eta hutsezkoa jarri du markagailuan. Orduantxe hasi dira komeriak. Nahi eta ezin.

Bigarren zatian hasi bezain pronto Laguardiak bere atean sartu du gola eta partida maldan gora jarri zaio talde arabarrari. Ez zen ikusten inondik inora nondik etor zitekeen susperraldia. Taldea erabat lozorroan zegoelako. Baina, gauzak nolakoak diren! Callerik 56. minutuan, Jony ezker hegaleko aurrelariak erdiratutako baloia, sareetara bidali du. Gol horrek bizitasuna eman dio taldeari eta behin eta berriz aritu da berdinketaren bila. Halere, argitasunik gabe aritu da, bihotzarekin aurrera jo du baina joko handirik egin gabe.

Hurrengo partida, datorren ostiralean, gaueko 21:00etan, Valladoliden aurka. Garaipena behar beharrezkoa baita ametsetan jarraitzeko. Ea hiru puntuak etxean gelditzen diren!

Espanyol: Diego Lopez; Rosales (27’. Javi Lopez), Naldo, Hermoso, Pedrosa, Marc Roca, Victor Sanchez, Sergi Darder, Wu Lei (63’. Sergio Garcia), Melendo (85’. Duarte) eta Borja Iglesias.

Txartel horiak: 21’. Naldo, 53’. Sergi Darder, 84’. Marc Roca

Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Ely, Duarte, Inui (79’. Twumasi), Darko Brasanac (79’. Wakaso), Manu Garcia, Jony, Borja Baston (67’. Diego Rolan) eta Calleri.

Txartel horiak: 38’. Duarte, 79’. Laguardia

Golak:

1-0: 19’. Pedrosa.
2-0: 47’. Laguardia (bere atean).
2-1: 56’. Calleri.

Cornella-Prat  futbol zelaiko harmailak:

18.143 ikusle bildu dira eguerdiz norgehiagoka ikusteko. Eguraldi zoragarria egin du eta Arabatik ikusle bakan batzuk ere hurbildu dira. Une orotan taldea animatuz izan dira lehen minututik bukaeraraino. Partidak zazpi minutuko luzapena izan du: Alavesek sarturiko gola bideoan behin eta berriz ikusi behar izan dute. Azkenik, balekoa eman dute.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide