5+11 arrazoi kirolari eusteko

Erredakzioa 2019ko api. 15a, 06:00
Saskibaloia eta futbola gazteen artean sustatzen ditu 5+11 Fundazioak. / 5+11 FUNDAZIOA

Baskonia eta Alaves kirol taldeen magalean ari da 5+11 Fundazioa, kirolari lotutako balioak gazteen artean hedatzeko. Zailtasunak dituzten edo esklusio arriskuan dauden umeei ere tokia egin diete egitasmoan.

2011n ekin zion ibilbideari 5+11 Fundazioak, Baskoniak Alaves taldearen kudeaketa bere gain hartu zuen urtean, hain zuzen. Ordura arte talde bakoitzak bere fundazio propioa zuen, eta biak batzea horren ondorio izan zela azaldu du 5+11 Fundazioko komunikazio arduradun Andoni Colmenerok. Ez zen bi egitura juridikoren bateratze soila, bi harrobietan kirol zein gizarte arloan egiten zituzten ekimenen erabateko bateratzea baizik. "Indarrak batuz hobeto lan egin daitekeela uste dugu". Horrez gain, "filosofia eta ideia berdinekin aritzea" erdietsi dutela erantsi du fundazioko kideak. Duela hiru edo lau urtetik hona, gainera, lantoki berdinean lan egiten dute. Kirol ezberdinak izan arren, askotan alde batean zerbait ongi badabil, beste aldean ere funtzionatuko duelakoan dago Colmenero.

Horri esker, urtean zehar ekintza ugari martxan jartzeko bidea ematen diela azpimarratu du. Besteak beste, futbol eta saskibaloi eskola, campusak "edo errendimenduari bideraturiko beste arlo batzuk; harrobia edo teknifikazio campusak, esaterako". Formazioari dagokienez, entrenatzaileekin eta probintziako kirol gazteekin hitzaldi, teknifikazio edo Klinik moduko ekintzak bultzatzen ditu fundazioak. "Azken helburua jakintza horiek ahal dugun eta pertsona gehienekin partekatzea da", dio Colmenerok.

Erakundearen helburu nagusia Arabako umeen artean ohitura osasungarriak bultzatzea da, eta horretarako kirola tresna egokia dela argi dute. Tresna izateaz gain, kirolak bere inguruan biltzen dituen baloreak ere helarazi nahi dizkiete gazteei. Kiroltasuna, gainditzea, talde lana, errespetua, enpatia… egiten dituzten ekintza guztietan balio horiek txertatzen saiatzen direla azaldu du Colmenerok.
Gizarteratzea helburu

Zailtasunak dituzten taldeekin edo esklusio egoeran dauden haurrekin ere lan egiten dute Baskonia4Life proiektuarekin. Duela 5 edo 6 urte hasi ziren, saskibaloiari lotutako proiektu batekin eta orain arte jasotako emaitza "paregabea" izan dela azpimarratu du. "12 umerekin hasi ginen, hilabetean behin entrenatzen, eta gutxinaka helburuak argituz joan ginen". Emaitza onak ikusita, gaur egun 75 umerekin astero entrenamenduak egiten dituzte, entrenatzaile eta integratzaile baten laguntzarekin. "Oso harro gaude proiektu horretaz, aukera ezberdintasunean jaiotako umeekin kirol jarduerak egiteaz gain, beste umeekin elkartzea lortzen ari garelako, normalizazioa emanez". Futbolean ere Alaves Genuine taldea sortu dute, adimen desgaitasuna duten gazteekin osatua. Mutil eta nesken arteko berdintasuna sustatzen saiatzen dira. Aurten bereziki Alaveseko nesken taldearekin "gauza pilo bat"egiten ari direla nabarmendu du.

Hurrengo hitzordua bueltan dutela gogoratu du: Aste Santuan campus bat izango dute. "Umeen oporrak direlakoan, ondo pasatzea eta lagunak egitea dira helburu nagusiak, baina saiatzen gara, baita ere, umeek zerbait ikas dezaten futbol edo saskibaloiari buruz", adierazi du 5+11 Fundazioko komunikazio arduradunak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide