Disfrutatu eta aldarrikatzeko kilometroa izango da Lumagorri heterosexismoaren aurkako taldeak antolatutakoa. Oilategian euskaraz goiburu, hizkuntza eta generoarekin jolasteko deia egin dute Korrikak izango duen tarte koloretsuenetako batean; Salburuko Juan Carlos I eta Amsterdam kaleen arteko bidegurutzean izango da hitzordua, 10:30ean.
Trabestiak ardatz dituzten bi urtemuga izango dituzte gogoan Gasteizko lasterraldian, Amets Martinez de Heredita Lumagorriko kideak azaldu moduan. Stonewalleko iraultzaren 50 urte bete dituela nabarmendu nahi dute, batetik: "Gay mugimenduaren iraultzarekin lotzen da, baina zehazki trabestiak izan ziren protagonista mugimendu hartan". Bestetik, Errenterian hil zuten Vicente Badillo Francis trabestia gogoratuko dute, hilketaren 40 urte bete direla. "Urteurren horiek kontuan hartuta, uste genuen aukera hori aldarrikatzeko momentua zela hau". Egun nagusi den ereduaren kontra, gay mugimenduan trabestiek izan duten garrantzia azpimarratu nahi dute: "Azken urteetan, batez ere kapitalismoak ezarri duen gay eredu horren aldean, alegia, gay guapo, dirudun eta zuriaren aurrean, bestea aldarrikatuko dugu". Gay mugimendua trabestiei esker piztu zela gogoratu du, eta "generoarekin jolasteak" duen garrantzia nabarmendu du Lumagorriko kideak, "genero binarismoa apurtzeko". "Kilometro hau prestatzerakoan, kontuan izan genuen hauek identitate zapalduak izan direla, eta gure herriak eta hizkuntzak bezala zapalduak izaten jarraitzen dutela".
Euskara, lehentasuna
LGTBI mugimenduaren Gasteizko errealitea gertutik ezagutzen du Martinez de Hereditak, eta zenbait giro oso euskaldunak ez diren arren, Lumagorrik horretan ekarpen handia egin dezakeela uste du. "Gure aldetik, apustua beti izan da euskara lehenestea, ekimen publiko guztietan; gure taldearen ekarpena handia izan daiteke alde horretatik". Salburuko kilometroa ere mezu hori helarazteko erabili nahi dute: "Oilategia deitzen diogun horren euskalduntzea aldarrikatzeko". Gogoz hartuko du Korrika Lumagorrik, eta eskerrak eman nahi dizkiete antolatzaileei LGTBI mugimenduaren aldeko apustua egiteagatik: "Ez da txikia Korrikak honekin egiten duen apustua; oso positiboa da, mugimenduari egiten dion keinua ikaragarria delako".
Aldarrikapen horiek guztiak uztartu nahi dituzte igandeko kilometroan, eta horretan jolasa izango da nagusi. Takoiekin, bibotearekin, boa batekin... generoarekin jolastea izango da helburua, norberak nahi duen moduan, Martinez de Hereditak gogoratu moduan: "Kilometro irekia da, eta edonork parte hartu dezake, ez izan zalantzarik eta animatu". La Polaca, Yogurina Boroba eta Las Fellini, besteak beste, hantxe izango dira.