Sei arabar epaituko dituzte "ETAren espetxe frontea" osatzea egotzita

Erredakzioa 2019ko api. 11a, 15:37

Herrira mugimenduak Bilbon antolatutako manifestazioa. ELA

Irailaren 16an hasiko da euskal presoen babes taldeen aurkako makroepaiketa Auzitegi Nazionalean.

Data finkatu dute. Irailaren 16an hasiko da Auzitegi Nazionala epaitzen euskal presoen eskubideen alde egindako lana. Guztira, 47 herritar epaituko dituzte, "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, Herrira, Jaiki Adi eta Etxerat mugimenduetakoak, Bitartekariak eta euskal presoen abokatuak.

Horien artean sei arabar daude. Herrira mugimenduan ibiltzeagatik, Ane Zelaiarentzat eta Gorka Gonzalezentzat, hamalau urte eta erdiko espetxealdia eskatzen du Fiskaltzak. Egoitz Lopez de Lacalleren kontra, EPPkren bitartekari taldeko kidea izateagatik, hamabi urteko espetxe zigorra finkatu du. Halaber, Etxerat elkarteko Nagore Lopez de Luzuriagarentzat eta Izaskun Abaigarentzat hamaika urteko espetxealdi bana eskatu du; eta azkenik, Atxarte Salvador abokatuaren kontra beste hamaika urte eskatu ditu. Gainera, guztien kasuan, zortzi urteko zaintzapeko askatasuna ezartzeko eskatu du Fiskalak, behin espetxealdia amaitu eta gero.

Epaiketak gutxienez hiru bat hilabete iraungo dutela aurreikusi dute auzipetuek. Halaber, ohar batean azaldu dutenez, "estatuaren estolderietan sorturiko auzibidea" da 11/2013 sumarioa, "astakeria juridiko eta soziala". Egozten zaizkien  delituak beren "printzipio etiko eta politikoei" lotutako lanak direla nabarmendu dute auzipetuek: "Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago