Zabalik dago Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren deialdia

Erredakzioa 2019ko api. 11a, 10:31

Mila biztanletik beherako herrietara bideratuko da finantzazioa. PHOT.OK

32 milioi eurotik gora banatuko dira Arabako herrietan obra handiak laguntzeko.

Aldundiak 2020-2021 Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren baitan diru-laguntzak eskatzeko deialdia ireki du. 32 milioi eurotik gorako aurrekontua du planak, eta aurreko urtean baino zazpi milioi euro gehiago bideratuko ditu toki erakundeek lurraldean inbertsioak egiteko. 

Obra eta Zerbitzuen Foru Planak askotariko obrak egiteko balio du: ur hornikuntzako obrak; saneamendurako eta hondakin urak arazteko sare orokorren obrak; argi publikoen eta energia elektrikoaren sare orokorrak berritzeko edo zabaltzeko; bide publikoetan zolaketa lanak egiteko; elementu komunak eraikitzeko, hala nola gizarte eta kirol ekipamenduak eta udaletxeak edo kontzejuen egoitzak; eta beste hainbat inbertsio. Azken urtean, diruz laguntzeko moduko kontzeptu berriak sartu dira: aparkaleku arruntak eta espezifikoak, udal artxiboak, toki entitateen arteko mediku kontsultategietako jarduketak, eta abar.

Foru plan horretan, aurrekoetan bezala, 1.000 biztanletik beherako udal eta kontzeju guztiek izango dute lehentasuna, batez ere kontratazio eta lizitazio elektronikoaren arloan, bai eta administrazioaren eta zergen alorreko izapideetan ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago