Arabak hartu du lekukoa

Erredakzioa 2019ko api. 9a, 08:42

Lautadan eta Mendialdean ibili da Korrika astarte goizean. / KORRIKA

Goizean goiz sartu da Korrika Lautadatik, eta hurrengo orduetan kuadrilla guztiak bisitatuko ditu; Trebiñun eta Añanan egingo ditu gaueko azken kilometroak. Eta 2.560 kilometro egin eta gero, igandean iritsiko da hiriburura.

Hau izan da eguneko kronika: 

Lautada

Sakana atzean utzi, eta Lautadan sartu da goizean goizetik 21. Korrika. Dozenaka lagunek egin diote ongietorria. Goizaldean heldu da Asparrenera, eta 08:00ak aldera Agurainera; jendetza hartu du Lautadako herri nagusian.

 

 

 

 

Mendialdea

Lautada igarota, 11:00ak aldera, Azazetan gora Mendialdean sartu da 21. Korrika. Besteak beste, Sabandoko lagunek hartu dute lekukoa mendatean.

 

 

 

 

 

 

Arabako Errioxa

Goiza Lautadan eta Mendialdean eman ondoren, Arabako Errioxan sartu da Korrika, 15:00ak aldera. Kanpezuko Mendialdea IPI ikastetxeko Ibai Lopez Etayo arduratu da lekukoa Genevillatik (Nafarroa) Arabara berriro ekartzeaz. Birikei eta bihotzari eragiten dion gaixotasun arraro bat du 13 urteko gazteak: hipertentsio pulmonarra. Gaixotasun horren ondorioz, ezin du ez korrikarik ez ariketa fisikorik egin. Beraz, bizikletan igota egin du gazteak 1214. kilometrora arteko bidea.

 

Bastidan, hainbat arlotako 50 gizarte-eragile inguruk euskararen normalizazioa azkartzeko konpromisoak berretsi dituzte. "Esanetatik konpromisoetara jauzi" egiteko garaia dela aldarrikatu dute bertan.

Trebiñu

Arabako Errioxa pasata, Trebiñura sartu da Korrika, eta bertan hartu du lekukoa ALEAk, dozenaka lagunen babespean. Hitzordu gogoangarria izan da gainera, Korrikaren erdi-erdian kokatuta dagoelako 1280. kilometroa. Lekukoa eramateaz gain, kolorea, kea eta xanpaina izan ditu lagun Mikel Arribas ALEAkideak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago