Gasteizko Jazzaldiaren 43. edizioak beste agertoki bat izango du eta hainbat jarduera didaktiko, helburu bikoitzari jarraiki: musikari gazteei aukera bat ematea eta zuzeneko musikaz gozatzeko prest dagoen publikoari irekitzea.
Jazzaldiak irauten duen astean zehar, Luis Aranburu Eskolan, jaialdian parte hartuko duten musikari profesionalek emango duten hezkuntza-eskaintza egongo da. MAP trioak –Marco Mezquida, Ernesto Aurignac eta Ramon Prats-ek osatuak– masterclass bat eskainiko du, Gasteizko Udal Musika Bandarekin, Jazzaldirako bereziki, egin duten proiektua Mendizorrotzan estreinatu baino lehen.
Gainera, Ramon Prats bateria jotzaile gironarrak bateria hutseko kontzertu bat emango du Luis Aranburuko auditorioan. Eskaintza pedagogiko hori Romain Pilon gitarra jotzaile frantziarraren klase magistral batekin eta Iñaki Rodriguez irakasle eta Iruña Jazz Brass-eko musikariak emango duen Brass tailer batekin osatuko dute.
Kontzertuak eta agertokia
Mendizorrotza eta Principal antzokiko ohiko agertokiei, aurten Falerina bilduko zaie, Montehermoso kulturgunean. Jazzaldira bildu berria den zentro horretan doako kontzertuak emango dira eguerdietan eta musika eskoletako ikasleentzat zein beren ibilbide profesionalari ekin dioten beste talentu gazte batzuentzako lekua izango du. Luis Aranburu eskolak, Jesus Guridi kontserbatorioak, Musikene eta Udaband musika kanpusak euren konboak aurkeztuko dituzte, musika interpretaziorako dituzten gaitasunak ikus daitezen.
Falerinako programazioa beste hainbat musikariren kontzertuekin osatuko da. Asteartetik, uztailak 16, larunbatera, uztailak 20, egingo dira. The Taan Trio, Andres Barrios, Trizak eta The Breitnes taldeak igaroko dira Falerinako taula gainetik.