Alaves erdibidean gelditu da

Ibon Gorrisi 2019ko api. 8a, 10:30
Bigarren zatian Leganesek jokoaren ekimena eraman du. / ALAVES

Leganesek berdinketaren gola egin du luzapenean; ondorioz, talde arabarrak kolpe latza hartu du.

Alavesek ia-ia azken unera arte eskura izan du garaipena baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan du. Futbolaren ohiko leloek dioten bezalaxe epailearen txilibitua entzun arte partida ez da amaitzen. Bada, horixe bera gertatu da, 92. minutuan ustekabeko edo zorte handiko jokaldi batek puntu banako berdinketa jarri du markagailuan.

Partidaren hasieran bi taldeak kontu handiz aritu dira. Zelai erdian jokalari asko pilatzen ziren eta horren ondorioz jokoaren ekimena eramatea oso zaila izan da. Lehendabiziko minutu hauetan ez dute gol aukerarik sortu. Handik gutxira, 13. minutuan Sabin Merino aurrelariak aukera paregabea izan du huts eta batekoa egiteko. Baina, nola ez, Pachecok geldiketa bikaina egin du.

Futboleko esaerek diotenez, "barkatzen duenak gerora galduko du". Bada, horixe bera gertatu da. Leganesek ez du gola egin eta 18. minutuan Callerik penalti baten bitartez aurretik jarri du Alaves taldea markagailuan. Aurrelaria bera erdiraketa errematatzera zihoan unean, Bustinza atzelariak heldu dio eta epaileak penaltia adierazi du. Hortik aurrera, ezer gutxi gertatu da aipatzeko.

Bigarren zatian Leganes taldeak lerroak aurreratu ditu eta jokoaren ekimena eraman du. Orduan, betiko talde arabarra agertu da: atzealdean oso sendo, zelai erdian lan eta lan, eta aurrealdean presio ikaragarria eginez. Horren ondorioz, ez bata ez bestea ez dira gauza izan gol aukerarik egiteko. Egindako jokaldi guztiak ezerezean gelditu dira. Gehienak area inguruan bukatzen baitziren. Bazirudien aspaldiko partez hiru puntuak lortuko zituela, baina usteak erdi ustel. Partida luzapenean zegoelarik, orduantxe kolpe latza hartu du Alavesek. Izan ere, 92. minutuan Jonathan Silvak areaz kanpotik egindako erdi jaurtiketak erdi erdiraketak zutoinean jo du, eta ondoren futbolariak sarera bidali du. Banako berdinketa eta isiltasuna nagusi Mendizorrotzeko harmailetan.

Zer-nolako ezustea! Halere, taldeak aurrera begira jarraitu behar du. Baina Europarako saria oraindik ere hor bertan dago. Ez da etsi behar, azken neurketak kaxkarrak izan arren, taldeak beti nortasuna erakusten du. Beraz, ametsak bizirik dirau. Hurrengo neurketa datorren larunbatean izango da, eguerdiko 13:00etan Espanyolen aurka. Garaipenaren bidera itzultzeko aukera ezin hobea.

--

Alaves: Pacheco, Martin, Laguardia, Ely, Duarte, Inui (78’. Twumasi), Pina, Manu Garcia,  Jony (88’. Ximo Navarro), Borja Baston (74’. Wakaso) eta Calleri.

Txartel horiak: 32’. Pina, 48’. Martin, 48’. Manu Garcia, 64’. Duarte, 76’. Ely, 87’. Twumassi.

Leganes: Cuellar, Bustinza (68’. Arnaiz), Tarin, Slowas, Nyom, Eraso (74’. El Zhar), Ruben Perez, Gumbau, Jonathan Silva, Sabin Merino (74’. Michael Santos) eta Braithwite.

Txartel horiak: 16’. Bustinza, 18’. Eraso, 43’. Gumbau, 57’. Jonathan Silva

Golak:

1-0: 17’. Calleri (penaltiz)
1-1: 92’. Jonathan Silva

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

Alavesek emandako datuen arabera 16.783 ikusle bildu dira eguerdiz Leganesen aurkako norgehiagoka ikusteko. Giro epela izan da harmailetan. Izan ere, Iraultza 1921 taldeak bere ibilbideari etena ematea erabaki baitu. Batetik, Indarkeriaren Aurkako Batzordearen jazarpena etsigarria delako. Bestetik, klubak emandako babesa ez delako izan espero zutena. Gauzak horrela, gaur Mendizorrotzean asko eta asko nabaritu da kantuen hutsunea. Hau pena! Badirudi egun den-denak (pankartak, abestien letrak, txisteak…) boterearen galbahea gainditu behar duela.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide