Alavesek ezin dio eutsi izan zenari

Ibon Gorrisi 2019ko api. 5a, 11:05
Lehen zatian gola jaso du Alavesek, eta hortik aurrera aukerarik gabe geratu da. / ALAVES

Sevilla aurkari zuzenaren aurka 2-0 galdu dute arabarrek: bigarren porrota jarraian, baina taldea ondo mantentzen da sailkapenean, onenen parean.

"Ez dira betiko garai onenak" zioen Hertzainak taldearen kantuak. Baina, Abelardok dioen bezalaxe "sekulako gozamena" da sailkapenaren goialdean egotea. Sevillak asko zeukan jokoan, goi mailako taldea baita eta lehen minututik garaipenaren bila atera da. Alavesek ohiko jokoa egin du baina lehen zatian bukatzear zela gola jaso du eta hortik aurrera ia-ia aukerarik ez du izan partida berdintzeko.

Alaveseko entrenatzaileak aldaketak egin ditu hasierako hamaikakoan. Atzealdean, lesioek bultzatuta; zelai erdian Wakaso eta Pina jarri ditu baloiak berreskuratzeko, Jony eta Inui kontraerasora ateratzeko eta aurrealdean Borja Baston eta Calleri baloiaren irteera eragozteko; baita ahal izanez gero gola egiteko. Halere, kamuts aritu dira ate aurrean. Izan ere, lehen zatian ia-ia ez dute jaurtiketarik egin. Sevillak jokoaren ekimena eraman du gol aukera askorik sortu gabe. Dena den, ondo baino hobeto asmatu du Roque Mesak area barruan egindako jaurtiketa sarera bidaltzeko.

Bigarren zatian, gauzak ez dira batere aldatu. Sevilla taldeak nahi zuen bidetik joan da norgehiagoka. Alavesek aurrera joan nahi baina ezin, saiakerak ia guztiak ezerezean bukatu dira. Ez du aurkitu biderik area ingurura hurbiltzeko. Bizitasuna falta izan zaio taldeari bigarren zatiko hastapenetan. Partidak zer-nolako itxura hartzen ari zela ikusirik Abelardok aldaketak egin ditu. Halere, gauza gutxi egin dute Guidettik eta Twumasik. Azkenengo honek pitin bat zoratu ditu Sevillako atzelariak baina suziria bezala izan da.
Bigarren porrota jarraian, halere, taldea onenen pare dago sailkapenean. Ametsa bizi-bizirik dago, Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko oraindik ere aukerak egon badaude. Horietariko bat igande honetan izango da, eguerdiko hamabietan Leganes taldearen aurka Mendizorrotza futbol zelaian.

Sevilla: Soriano; Navas, Kjaer, Carrico, Escudero; Sarabia, Roque Mesa (72’. Rog), Gonalons, Vazquez (86’. Promes); Munir (82’. Andre Silva) eta Ben Yedder.

Txartel horiak: 39’. Navas, 45’. Escudero, 54’. Roque Mesa.

Alaves: Pacheco; Martin, Ximo Navarro, Laguardia, Duarte; Inui (67’. Twumasi), Pina (75’. Darko Brasanac), Wakaso, Jony; Borja Baston eta Calleri (75’. Guidetti).

Txartel horiak:

Golak:

1-0: 41’. Roque Mesa
2-0: 80’. Sarabia

Ramon Sanchez-Pizjuan futbol zelaiko harmailak:

Ia 34.000 ikusle bildu dira futbol zelaian partida ikusteko. Arabatik joandakoak bakan batzuk izan dira eta beti bezala taldea animatzen izan dira partida guztian zehar. Meritu itzela, ezbairik gabe. Sevillak garaipena behar zuen eta bertakoak ere lehen minututik kantuan aritu dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide